dimanche 31 août 2008

Ramadaneko baraualdiaz (surat Al Baqara)

Allahren Errukiorraren, Bihozberaren izenean,

Sinestedunok! Barau egiteko agindu zaizue,
zuen aurrekoei agindu zitzaien bezala.
Izango ahal zarete Allahren beldur!
Egun-kopuru jakin baterako,
hartarako finkatua den hartarako.
Baina gaixo edo bidaian denak
epez kanpo egin dezake barau hori,
beste hainbat egunetan.
Eta egin ahal izanik, egin ez dutenek edo eten dutenek
elika ditzatela, konpentsazio gisa, pobre batzuk.
Baina ongia berez egiten duenak,
hobe izango du beretzat.
Eta barau egitea zeuen onerako izango duzue,
baldin badakizue.
Ramadan hilabetean errebelatu zen Koran,
gizakientzako norabidea,
eta Gidaren eta Bereizmenaren proba argia;
beraz, zuen artean hilabetea ikusiko duenak
egin dezala barau;
eta gaixo edo bidaian denak egin dezala
beste hainbat egunetan beste garai batean.
Allahk gauza errazak nahi ditu zuentzat eta ez zailak;
baina zuek egun-kopurua osatzea nahi du
eta Allahren handitasuna aldarrikatzea,
gidatu zaituztelako.
Izango ahal zarete esker oneko!
Eta nire zerbitzariek Nitaz galdetuko dizutenean…
Hurbil nago eta entzuten diot
eskatzen didanaren erreguari, eskatzen didanean;
beraz, erantzun diezadatela Niri eta sinets dezatela Nigan;
jarraituko ahal diote gida zuzenari!
Barau-eguneko gauean zilegi duzue
emazteekin sexu-harremanak bururatzea;
emazteak jantzi dira zuentzat
eta zuek ere jantzi zarete haientzat.
Allahk jakin zuen zeuen burua engainatzen zenutela,
baina zuengana itzuli zen bere mesedearekin eta barkatu zizuen;
beraz, etzan zaitezte haiekin
eta bilatu Allahk agindu dizuena.
Jan ezazue eta edan, harik eta gauaren hari beltza
eta egunsentiko hari zuria garbi bereiziko dituzuen arte.
Gero, egin barau zorrotz arratsa arte.
Baina mezkitetan erretiroan baldin bazaudete,
ez etzan haiekin erretiroak irauten duen bitartean.
Allahk jarritako mugak dira horiek,
egon haiengandik aparte.
Horrela argitzen dizkie Allahk gizakiei
bere ezaugarriak.
Izango ahal dira kontuan!
(183-187)

jeudi 7 août 2008

Al-Anbia, Profetak

Allahren, Errukiorraren, Bihozberaren izenean
Arima orok dastatu beharra du heriotza.
Ongiarekin eta gaizkiarekin aztertuko zaituztegu,
eta Gugana itzuliko zarete.
(35)
Ongia egin eta sinestedun izango dena…
Ez da izango esker txarrik haren ahaleginarekiko
eta, benetan, idatzi egingo dugu haren izena liburuan.
(94)
Eta ez zaitugu beste ezertara bidali,
mundu guztiarentzako erruki gisa baizik.
Esazu: Benetan inspiratu zait
ezen Jainko Bakarra dela zuen jainkoa.
Esanekoen artekoak izango ote zarete?
(107-108)

Ta, Ha

Allahren, Errukiorraren, Bihozberaren izenean
Ta, Ha.
Ez dugu jaitsarazi Koran zugana, larritu zaitezen.
Baizik oharpen gisa, kontuz ibili nahi duenarentzat.
Lurra eta zeru garaiak kreatu dituen Haren jaitsiera da.
(1-4)
Eta zuk ozenki hitz egin… edo ez,
Hark ezagutzen du ezkutukoa
eta baita hori baino areago ere.
Allah, ez da Hura beste jainkorik,
Harenak dira izenik ederrenak.
(7-8)
Baina zuzentasuna praktikatu
eta sinestedun dena,
ez dadila ez bidegabekeriaren,
ez gutxiespenaren beldur izan.
Horra nola jaitsarazi dugun arabierazko errezitazio gisara
eta nola errepikatu ditugun hartan
mehatxuzko promesak,
ea kontuz ibiltzen diren
edo oharpentzat balio dizkieten.
(112-113)
Agindu zeure jendeari salata
eta iraun ezazu hartan.
Ez dizugu mantenurik eskatzen,
Guk mantenduko zaitugu.
Eta azken ongia Allahren beldur izateari dagokio.
(132)

Maryam

Allahren, Errukiorraren, Bihozberaren izenean
Esan zuen: Allahren zerbitzaria naiz.
Liburua eman dit Hark eta profeta egin nau.
Eta bedeinkatua egin nau nonahi nagoela,
eta otoitza gomendatu dit eta garbiketa,
bizi naizen bitartean.
Eta neure amarekin onbera izatea;
ez nau egin ez lotsagabe, ez bihurri.
Bakea izan dadila nirekin jaio nintzen egunean,
neure heriotza-egunean eta bizia itzuliko zaidan egunean.
Hori da Isa, Maryamen semea, Egiaren hitza,
zeina dudan jartzen baitute.
Ez dagokio Allahri semerik hartzea.
Aintza Hari! Zerbait erabakitzen duenean,
hau bakarrik esaten du Hark: Izan bedi, eta bada.
Eta, benetan, nire Jauna da Allah,
eta zuena ere bai, adora ezazue, beraz.
Bide zuzena da hori.
(30-36)
Eta gidari jarraitu diotenak
Errukiorrak handituko ditu gida hartan.
Eta hitz eta egintza iraunkorrek eta zuzenek
sari eta emaitza hobeak izango dituzte zure
Jaunaren aurrean.
(76)
Eta esaten dute: Errukiorrak seme bat hartu du.
Benetan, ezbeharra dakarzue.
Zeruak pitzatzeko zorian daude,
lurra irekitzeko eta mendiak erortzeko zorian,
haiengatik.
Errukiorrari seme bat egozten diotelako.
Eta Errukiorrari ez dagokiolako seme bat hartzea.
Zeruetan eta lurrean dauden guztiak
ezin dira aurkeztu Errukiorraren aurrean
zerbitzari bezala baizik.
Eta egia da ezen Hark ezagutzen duela
haien kopurua eta ondo zenbatuak dituela.
Denak banan-banan etorriko dira
Haren aurrera Igotze Egunean.
Benetan, sinesten eta egintza zuzenak egiten dituztenei
Errukiorrak maitasuna erakutsiko die.
(88-96)



mercredi 6 août 2008

Al Kahf, Haitzuloa

Allahren, Errukiorraren, Bihozberaren izenean

Goretsia izan bedi Allah,
Bere zerbitzariagana Liburua jaitsarazi duena
eta han ezer nahasirik jarri ez duena.
Baizik eta zuzenean ematen du mezua,
Bere aldetiko indarkeria handia adierazteko,
eta sinestedunei iragartzeko ezen zuzentasun-egintzak bururatzen dituzten
horiek sari ederra izango dutela,
betiko jokabide hartan iraunez.
Eta «Allahk seme bat hartu du Beretzat»
esaten dutenak ohartarazteko.
Ez haiek eta ez haien gurasoek ez dute horren berririk,
beren ahotik ateratzen duten hitz larria da hori.
Esaten duten hori gezur hutsa da.
Eta agian atsekabez beteko zara haien ondoren,
kontakizun honetan sinesten ez badute.
Lurrean dagoena, bere-berea duena,
apaingarritzat eman dugu,
jokatzen haietako zein den hoberena frogatzeko.
Eta, benetan, hartan dagoena
lur gorrian geldi dadin egingo dugu.
(1-8)
Eta ez esan zuk ezertaz: Bihar egingo dut;
beste hau «Allahk nahi badu»
gehituz ez bada.
Eta hori egiteaz ahazten bazara,
izan gogoan Jauna, eta esan:
Gerta liteke nire Jaunak gida zuzenetik
hori baino hurbilago dagoen zerbaitera ni gidatzea.

(23-24)

Eta errezita ezazu zeure Jaunaren
Liburutik inspiratu zaizuna,
ez da Haren hitzak ordezka dezakeenik,
eta Hartaz aparte ez duzu babesik aurkituko.
(27)

Errezitazio honetan mota guztietako
adibideak eman dizkiegu gizakiei,
baina denik eta eztabaidazaleena da gizakia.
(54)

Esazu: Itsasoa nire Jaunaren hitzentzat tinta izango balitz,
agortu egingo litzateke hura nire Jaunaren hitzak
ahitu baino lehen,
baita beste hainbeste ekarriko bagenu ere.
Esazu: Ez naiz gizaki baizik,
zuek bezalakoa naiz, zuen jainkoa
Jainko Bakarra dela inspiratu didate;
beraz, Jaunarekin topo egitea espero duenak
joka dezala zuzen eta, bere Jauna adoratzean,
ez diezaiola Hari beste ezer erantsi.
(109-110)

mardi 5 août 2008

Al ´Isra, Gaueko Bidaia

Allahren, Errukiorraren, Bihozberaren izenean

Aintza Bere zerbitzaria,
Gure ezaugarrien zati bat erakusteko,
gauez eraman zuen Hari
Ukiezineko Mezkitatik Mezkita Urrunekora,
zeinen ingurunea bedeinkatu baitugu!
Benetan, entzuten duena da Hura
eta ikusten duena.
(1)

Gauza ziurra da ezen
Errezitazio honek bide zuzenera gidatzen duela
eta egintza zuzenak bururatzen dituzten sinestedunentzat
berri onak dakartzala,
egundoko saria izango dutela.
(9)

Ongia eskatzen duen bezala eskatzen du gaizkia gizakiak,
presatia da gizakia beti.
(11)

Irakur ezazu zeure Liburua!
Gaur aski zara zu zeu, kontuak ateratzeko.
Bere burua gidatzen duenak
bere onerako egiten du
eta desbideratzen denak bere kalterako.
Inor ez da zamatuko beste baten zamarekin.
(14-15)

Begira nola faboratu ditugun batzuk
besteak baino gehiago.
Hala ere, Azken Bizitza goragokoa da
mailaz eta lehentasunez.
(21)

Zure Jaunak Bera bakarrik adoratzeko agindu du,
eta gurasoei on egiteko.
Eta haietako bati edo biei batera zahartzarora iristea
zure ondoan egokitzen bazaie,
ez iezaiezu esan «puff!» bezalakorik,
ezta baztertu ere,
baizik eta hitz egiezu hitz onekin.
Jaitsi ezazu haiengana apaltasunaren hegoa,
errukiak eragiten duena,
eta esazu: Ene Jauna! Izan ezazu haiekin errukia,
haiek nirekin txikitan izan zuten bezala.
(23-24)

Eta ez hurbildu haragikeriara,
itsuskeria baita hori eta bide txarra.
(32)

Ez ibili lurrean harro-harro,
ez baitzara gai lurra gainditzeko,
ezta mendi-gailurrera iristeko ere.
(37)

Eta Koran errezitatzen duzun bakoitzean,
oihal babesle bat jartzen dugu
zure eta Azken Bizitzan sinesten ez dutenen artean.
(45-46)

Eta esaiezu Nire zerbitzariei,
mintza daitezela hitzik hobenekin,
zeren egia baita Shaytanek liskarra sortzen duela
haien artean;
benetan, gizakiarentzat arerio amorratua da
Shaytan.
(53)

Egia da Adamen seme-alabak ohoratu ditugula.
Lehorrez eta itsasoz eramaten ditugu,
gauza onak ematen dizkiegu horniduratzat
eta hobespen handiz faboratu ditugu
beste sorkari askoren aldean.
(70)

Ezar ezazu salata eguzkia sartzen hastetik
gaueko iluna iritsi arte,
baita egunsentiko Errezitazioa ere.
Gauza ziurra da egunsentiko errezitazioa
testigaturik dagoela.
Eta beila ezazu gau-zati bat,
zeure gogozko egintza bezala;
gerta dakizuke zeure Jaunak goresgarri den
maila batera zu jasotzea.
Eta esazu: Ene Jauna!
Sarraraz nazazu egiazaletasunaren sarreratik
eta ateraraz nazazu egiazaletasunaren irteeratik
eta emadazu lagunduko nauen
Zugandiko ahalmena.
Eta esazu: Etorri da egia eta desegin da gezurra;
egia da, gezurra desegiten dela.
Eta Koranen bidez, sendabidea eta errukia jaitsarazten ditugu
sinesten dutenentzat;
hala ere, bidegabeek ez dute galbidea areagotu
besterik egiten.
Eta gizakia, mesede bat egiten diogunean,
apartatu egiten da eta berera urruntzen;
baina gaitz batek jotzen duenean,
etsirik gelditzen da.
Esazu: Joka dezala nork bere erara,
baina zuen Jaunak hobeto daki zein dagoen
bidean hobeto gidaturik.
(78-84)

Zatitan banatu dugun Koran da,
gizakiei mailaka errezita diezaiezun.
Eta horrela jaitsarazi dugu
bata bestearen segidako errebelaziotan.
(106)

Esazu: Dei egin Allahri! edo dei egin Errukiorrari!
nolanahi dei egiten diozuela,
izenik ederrenak ditu Hark.
Eta ez ozendu zeure ahotsa zeure otoitzean,
ezta isildu ere;
bila ezazu erdi-bide bat.
Eta esazu: Gorespenak Allahrentzat,
Zeinek ez baitu hartu beretzat seme-alabarik,
ez baitu partaiderik bere nagusitzan,
eta ez baitu inoren beharrik umilazioaren kontra
defenditzeko!
Goratu ezazue,
Haren handitasuna aldarrikatuz.
(110-111)

An-Nahl, Erlea

Allahren, Errukiorraren, Bihozberaren izenean

Allahri dagokio bide egokia erakustea,
baina badira desbideratzen diren bideak;
nahi balu, denok gidatuko zintuzkete.
(9)

Jainko Bakarra da zuen jainkoa.
Azken Bizitzan sinesten ez dutenek
ukapenez betetako bihotzak dituzte
eta harrokeriaz beterik daude.
Zalantzarik ez dago ezen Allahk ezagutzen duela
ezkutuan gordetzen eta agerian duzuena;
benetan, Hark ez du maite jende harroa.
(22-23)

Benetan, zerbait izan dadin nahi dugunean,
besterik gabe esaten diogu:
Izan zaitez, eta bada.
(40)

Allahren aurrean, zeruetan eta lurrean diren bizidunak
oro ahuspezten dira, baita aingeruak ere;
eta horiek ez dute harrokeriarik erakusten.
Beren gainean duten beren Jaunaren beldur dira,
eta agintzen zaiena egiten dute.
(49-50)

Allahk kreatu zintuzten eta Beregana dei egingo dizue;
eta izango da zuen artean
bizia luzatuko zaionik adin zahar okituraino iritsi arte,
zerbait jakin ondoren ezer ez jakitera iristeko.
(70)

Allahk irtenarazi zintuzten zeuen amaren sabeletik
eta ez zenekiten ezer.
Eta entzumena, ikusmena eta, esker oneko izan zintezten,
bihotza eman zizkizuen.
Agian, horrela esker onekoak izango zarete.
(78)

Komunitate bakoitzean haietakoa den
lekuko bat aterako dugunean
eta haiei buruzko testigu bezala
etorraraziko zaitugunean.
Liburua jaitsarazi dugu zugana,
gauza bakoitzarentzat argibide eta gida,
errukia dena,
eta meneko direnentzat (musulmanentzat) berri on dena.
Benetan, Allahk zuzentasuna agintzen du,
bikaintasuna eta hurbileko ahaideei laguntza emateko;
eta lotsagabekeria, gaitzesgarri dena
eta bidegabekeria debekatzen ditu.
Aholkuak ematen dizkizue, gogoeta egin dezazuen.
(89-90)

Allahk nahi izan balu,
zuekin komunitate bakar bat osatu izango zuen,
baina nahi duena desbideratzen du Hark
eta nahi duena gidatzen.
Benetan, galdekatuko zaituztete egina duzuenaz.
(93)

Zuzen jokatu duenari,
gizonezkoa nahiz emakumea izan,
sinestedun bada, bizimodu ona egiteko
era emango diogu eta dagokion saria,
egina duen ongiaren arabera.
(97)

Eta Koran errezitatzera zoazenean,
eska iezaiozu babesa Allahri,
Shaytan harrikatuaren aurka.
(98)

Sinetsi ondoren Allah ukatzen duena
−baldin eta behartua izan eta bihotzean sinesmenari
irmo eutsi diona ez bada−
eta bere bihotza sinesgabetasunari irekitzen diona…
Halakoen gain jaitsiko da
Allahren haserrea eta zigor itzela jasoko dute.
(106)

Debekatuak dituzue: sarraskia, odola, txerrikia
eta Allah ez beste baten izenean opari egindakoa;
hala ere, behartua izan dena,
bere gogoz izan gabe eta legea hausteko asmorik gabe…
Gauza ziurra da ezen Barkatzaile dela Allah,
Bihozbera.
(115)

Dei egiozu jendeari zeure Jaunaren bidera,
jakinduriaz, aholku onak emanez
eta erarik hobenean konbentziaraziz;
benetan, zure Jaunak ezagutzen du
Haren bidetik desbideratzen dena
eta ezagutzen ditu gidatuak.
(125)

Eta izan ezazu pazientzia,
zeren zeure pazientzia Allahgandik bakarrik baitatorkizu.
Eta ez zaitez atsekabetu haiengatik,
eta ez larritu darabilten azpijokoagatik.
Gauza ziurra da
Haren beldur direnekin dagoela Allah,
eta ongia egiten dutenekin.
(127-128)

Al Hiyr


Allahren, Errukiorraren, Bihozberaren izenean
Gizakia lohi beltzetik kreatu dugu,
lohi moldakor beltzetik ateratakotik.
Eta jeinuak aurrez kreatuak genituen, Samun-en sutik atereaz.
(26-27)

Benetan, Allahren beldur direnak
baratzeetan eta iturrietan biziko dira.
“Sar zaitezte haietan! Bakean eta onik.
Beren bihotzean duketen gorrotoa erauziko dugu eta,
senide bezala, ohatzetan etzanik egongo dira aurrez aurre.
Han ez ditu joko inolako atsekabek,
eta ez dute irten beharrik izango.
(45-48)

Esan zuen: Eta zein da zuen misioa,
mezulariok?
Esan zuten: Gaitza egiten ari den jende batengana
bidali gaituzte.
Luten familia izan ezik,
zeinetatik denak salbatuko baititugu,
haren emaztea izan ezik, zeinez erabakia baitugu
atzera geratzen direnetakoa izango dela.
Eta Lutek, mezulariak etxera heldu zirenean,
esan zien: Ezezagunak zarete.
Esan zuten: Alderantziz, horiek zalantzan jartzen duten
horrekin gatoz zugana.
Egia ekarri dizugu eta,
zinez, egiazale gara.
Beraz, atera zaitez gauez zeure familiarekin,
eta zoaz zeu beste guztien ondoren
eta zuetako inork ez dezala atzera begiratu.
Zoazte agintzen zaizuen lekura.
Eta agindu hau inspiratu genien:
Eguna argitzean, ezabatua izango da
horietako azkena ere.
Eta hiriko biztanleak bozkarioz iritsi ziren.
Esan zuen: Nire bisitariak dira hauek,
ez nazazue desohoratu.
Izan zaitezte Allahren beldur
eta ez nazazue goibeldu.
Esan zuten: Ez ote dizugu debekatu
ostatuz inor hartzea?
Esan zuen: Hona nire alabak egin behar baduzue.
Zure biziagatik!,
beren itsutasunak galdurik zeuzkan.
Eta Oihuak harrapatu zituen
eguzkia ateratzean.
Hankaz gora jarri genuen hiria
eta buztin-harrizko euria jaitsarazi genuen haien gainera.
Benetan, badira horretan seinaleak
behatzen dutenentzat.
(57-77)