mardi 5 août 2008

An-Nahl, Erlea

Allahren, Errukiorraren, Bihozberaren izenean

Allahri dagokio bide egokia erakustea,
baina badira desbideratzen diren bideak;
nahi balu, denok gidatuko zintuzkete.
(9)

Jainko Bakarra da zuen jainkoa.
Azken Bizitzan sinesten ez dutenek
ukapenez betetako bihotzak dituzte
eta harrokeriaz beterik daude.
Zalantzarik ez dago ezen Allahk ezagutzen duela
ezkutuan gordetzen eta agerian duzuena;
benetan, Hark ez du maite jende harroa.
(22-23)

Benetan, zerbait izan dadin nahi dugunean,
besterik gabe esaten diogu:
Izan zaitez, eta bada.
(40)

Allahren aurrean, zeruetan eta lurrean diren bizidunak
oro ahuspezten dira, baita aingeruak ere;
eta horiek ez dute harrokeriarik erakusten.
Beren gainean duten beren Jaunaren beldur dira,
eta agintzen zaiena egiten dute.
(49-50)

Allahk kreatu zintuzten eta Beregana dei egingo dizue;
eta izango da zuen artean
bizia luzatuko zaionik adin zahar okituraino iritsi arte,
zerbait jakin ondoren ezer ez jakitera iristeko.
(70)

Allahk irtenarazi zintuzten zeuen amaren sabeletik
eta ez zenekiten ezer.
Eta entzumena, ikusmena eta, esker oneko izan zintezten,
bihotza eman zizkizuen.
Agian, horrela esker onekoak izango zarete.
(78)

Komunitate bakoitzean haietakoa den
lekuko bat aterako dugunean
eta haiei buruzko testigu bezala
etorraraziko zaitugunean.
Liburua jaitsarazi dugu zugana,
gauza bakoitzarentzat argibide eta gida,
errukia dena,
eta meneko direnentzat (musulmanentzat) berri on dena.
Benetan, Allahk zuzentasuna agintzen du,
bikaintasuna eta hurbileko ahaideei laguntza emateko;
eta lotsagabekeria, gaitzesgarri dena
eta bidegabekeria debekatzen ditu.
Aholkuak ematen dizkizue, gogoeta egin dezazuen.
(89-90)

Allahk nahi izan balu,
zuekin komunitate bakar bat osatu izango zuen,
baina nahi duena desbideratzen du Hark
eta nahi duena gidatzen.
Benetan, galdekatuko zaituztete egina duzuenaz.
(93)

Zuzen jokatu duenari,
gizonezkoa nahiz emakumea izan,
sinestedun bada, bizimodu ona egiteko
era emango diogu eta dagokion saria,
egina duen ongiaren arabera.
(97)

Eta Koran errezitatzera zoazenean,
eska iezaiozu babesa Allahri,
Shaytan harrikatuaren aurka.
(98)

Sinetsi ondoren Allah ukatzen duena
−baldin eta behartua izan eta bihotzean sinesmenari
irmo eutsi diona ez bada−
eta bere bihotza sinesgabetasunari irekitzen diona…
Halakoen gain jaitsiko da
Allahren haserrea eta zigor itzela jasoko dute.
(106)

Debekatuak dituzue: sarraskia, odola, txerrikia
eta Allah ez beste baten izenean opari egindakoa;
hala ere, behartua izan dena,
bere gogoz izan gabe eta legea hausteko asmorik gabe…
Gauza ziurra da ezen Barkatzaile dela Allah,
Bihozbera.
(115)

Dei egiozu jendeari zeure Jaunaren bidera,
jakinduriaz, aholku onak emanez
eta erarik hobenean konbentziaraziz;
benetan, zure Jaunak ezagutzen du
Haren bidetik desbideratzen dena
eta ezagutzen ditu gidatuak.
(125)

Eta izan ezazu pazientzia,
zeren zeure pazientzia Allahgandik bakarrik baitatorkizu.
Eta ez zaitez atsekabetu haiengatik,
eta ez larritu darabilten azpijokoagatik.
Gauza ziurra da
Haren beldur direnekin dagoela Allah,
eta ongia egiten dutenekin.
(127-128)

Al Hiyr


Allahren, Errukiorraren, Bihozberaren izenean
Gizakia lohi beltzetik kreatu dugu,
lohi moldakor beltzetik ateratakotik.
Eta jeinuak aurrez kreatuak genituen, Samun-en sutik atereaz.
(26-27)

Benetan, Allahren beldur direnak
baratzeetan eta iturrietan biziko dira.
“Sar zaitezte haietan! Bakean eta onik.
Beren bihotzean duketen gorrotoa erauziko dugu eta,
senide bezala, ohatzetan etzanik egongo dira aurrez aurre.
Han ez ditu joko inolako atsekabek,
eta ez dute irten beharrik izango.
(45-48)

Esan zuen: Eta zein da zuen misioa,
mezulariok?
Esan zuten: Gaitza egiten ari den jende batengana
bidali gaituzte.
Luten familia izan ezik,
zeinetatik denak salbatuko baititugu,
haren emaztea izan ezik, zeinez erabakia baitugu
atzera geratzen direnetakoa izango dela.
Eta Lutek, mezulariak etxera heldu zirenean,
esan zien: Ezezagunak zarete.
Esan zuten: Alderantziz, horiek zalantzan jartzen duten
horrekin gatoz zugana.
Egia ekarri dizugu eta,
zinez, egiazale gara.
Beraz, atera zaitez gauez zeure familiarekin,
eta zoaz zeu beste guztien ondoren
eta zuetako inork ez dezala atzera begiratu.
Zoazte agintzen zaizuen lekura.
Eta agindu hau inspiratu genien:
Eguna argitzean, ezabatua izango da
horietako azkena ere.
Eta hiriko biztanleak bozkarioz iritsi ziren.
Esan zuen: Nire bisitariak dira hauek,
ez nazazue desohoratu.
Izan zaitezte Allahren beldur
eta ez nazazue goibeldu.
Esan zuten: Ez ote dizugu debekatu
ostatuz inor hartzea?
Esan zuen: Hona nire alabak egin behar baduzue.
Zure biziagatik!,
beren itsutasunak galdurik zeuzkan.
Eta Oihuak harrapatu zituen
eguzkia ateratzean.
Hankaz gora jarri genuen hiria
eta buztin-harrizko euria jaitsarazi genuen haien gainera.
Benetan, badira horretan seinaleak
behatzen dutenentzat.
(57-77)

mercredi 28 mai 2008

Ibrahim

Allahren, Errukiorraren, Bihozberaren izenean
Ez dugu bidali izan mezularirik
bere jendearen hizkuntzan hitz egin ez dionik,
mezua argi emateko,
baina Berak nahi duena desbideratzen du Allahk
eta nahi duena gidatzen.
Eutsezina da Hura, Jakintsua.
(4)


Beren Jauna ukatzen dutenen egintzak,
ekaitz-egunean haizeak eramaten dituen
errautsak bezalako dira,
ez dute ahalik eskuratu zuten ezeren gain.
Desbiderakuntza sakona da hori.
(18)


Esan nire zerbitzariei sinets dezatela,
ezar dezatela salata eta gasta eman dezatela
horniduratzat ematen diegunetik,
ezkutuan eta agerian, eguna iritsi arte,
zeinetan ez baita izango
ez salerosterik, ez adiskidetasunik.
(31)


Eta eskatu diozuen guztitik eman dizue.
Allahren bedeinkazioak zenbatzen hasi nahi baduzue,
ezin zenbatu ahal izango dituzue;
benetan, bidegabea da gizakia, esker txarrekoa.
(34)


Ene Jauna! Ezagutzen duzu Zuk,
bai ezkutatzen duguna, bai agertzen duguna.
Ez da ezer Allah ohartu gabe gertatzen denik,
ez lurrean, ez zeruan.
Goretsia izan bedi Allah,
neure zahartzaroan Ismail eta Ishaq eman baitizkit;
gauza ziurra da ezen nire Jaunak
entzuten dituela erreguak.
Ene Jauna! Egizu ezar dezagula Otoitzaldia
nik neuk eta nire ondokoetako batek.
Gure Jauna! Onar ezazu nire erregua.
Gure Jauna! Barkatu niri, nire gurasoei eta sinestedunei,
kontuak emateko egunean.
(38-41)


Gizakiei zuzenduriko komunikazioa da hau,
horrekin ohartarazteko eta jakin dezaten,
jainko Bakarra dela Hura;
eta funtsezkoa dena aitortzen dakitenek
gogoan izan dezaten.
(52)

Ar-Ra´d, Trumoia

Allahren, Errukiorraren, Bihozberaren izenean
Hari egiten zaio benetako deia.
Aitzitik, Allahz kanpo, dei egiten zaien beste horiek
ez diete erantzuten ezertan.
Bere eskuak urera luzatzen dituenari bezala gertatzen zaie:
ura ahora irits dakien nahi, baina iristen ez.
Sinesteari uko egiten diotenen deia desbiderakuntzan erortzen da.
(14)
Jaunagandik jaitsarazi zaizuna Egia dela
dakiena itsua bezalako ote da?
Benetan, funtsezkoa dena aitortzen dutenak
bakarrik dira arrazoitzeko gai.
(19)
Eta pazientzia dutenak,
horrela Allahren begitartea bilatuz,
salata ezartzen dutenak,
Guk emandakotik ezkutuan eta agerian gastatzen ematen dutenak
eta gaizkiari ongiarekin erantzuten diotenak.
Azken Onaren Egoitza izango dute horiek.
(22)
Horrela jaitsarazi dugu, arabierazko irizpide gisa.
Etorri zaizun ezagutzaren ondoren,
haien nahietara makurtuko bazina,
ez zenuke izango inongo adiskiderik
edo defendatzailerik Allahren aurrean.
Bidali genituen mezulariak zure aurretik,
zeini emazteak eta ondorengoak eman baikenizkien,
eta mezulari bakar batek ere ezin ekarri izan zuen ezaugarririk,
Allahren baimenarekin izan ezik.
Aldi jakin bakoitzerako idazki bat dago.
Berak nahi duena baliogabetzen du Allahk
eta nahi duena berresten;
eta Haren ondoan dago Liburuaren ama.
(37-39)

samedi 17 mai 2008

Yusuf

Allahren, Errukiorraren, Bihozberaren izenean

1 Alif, Lam, Ra.
Liburu argiaren seinaleak dira horiek.
2 Arabierazko errezitazio gisa jaitsarazi dugu;
ea arrazoitzen duzuen.
3 Historietan ederrena kontatuko dizugu
Errezitazio hau inspiratzean,
zeinen aurretik oharkabe bizi baitzinen.
4 Yusufek bere aitari esan zion:
Ene Aita! Hamaika izar, eguzkia eta ilargia ikusi ditut,
eta nire aurrean ahuspeztuak.
5 Esan zion: Ene seme!
Ez kontatu zeure ikuskaria zeure anaiei;
bestela, zerbait asmatuko dute zure aurka;
benetan, gizakiaren etsaia da Shaytan.
6 Horra nola aukeratu zaituen zeure Jaunak
eta kontakizunen interpretazioaren zati bat irakatsiko dizun,
zuganako eta Yaquben familiaganako
bere bedeinkazioa osatuz,
lehenago Ibrahim eta Ishaq zure arbasoekin
egin zuen bezala.
Gauza ziurra da ezen zure Jauna Ezagutzailea dela
eta Jakintsua.
7 Eta badira, benetan, seinaleak Yusufengan
eta haren anaiengan, galdetzen dutenentzat.
8 Eta esan zutenean:
Yusuf eta haren anaia gu baino maiteago ditu gure aitak,
denok klan berekoak izan arren;
gure aita oso oker ari da.
9 Hil ezazue Yusuf edo utz ezazue nonahiko lur batean,
zuen aitaren aurpegia zuengana bakarrik itzul dadin!
Eta hori egin dezazuenean, jende zuzena izan zaitezkete.
10 Eta haietako batek esan zuen: Ez ezazue hil Yusuf!
Bota putzu horren hondora,
zerbait egiteko erabakia hartua duzuenez gero;
horrela, bidaiariren batek jaso lezake.
11 Esan zuten: Aita! Zergatik ez diozu uzten Yusufi gurekin joaten,
guk zaintzeko, gu harentzat aholkulari onak izanik?
12 Bidal ezazu bihar gurekin, artzain ibiliko da
eta jolas egingo du eta zainduko dugu.
13 Esan zuen: Mingarria zait zuek hori eramatea
eta otsoak jango duen beldur naiz,
zuek konturatu gabe.
14 Esan zuten: Otsoak jango balu gu klan bat izanik,
gure hondamendia izango litzateke.
15 Eta berekin eraman eta putzuaren hondora botatzeko
ados jarri zirenean,
hau inspiratu genion:
Egunen batean gogoraziko diezu zer egin duten
eta ez dira konturatuko.
16 Ilunabarrean aitarengana itzuli ziren negarrez.
17 Esan zuten: Aita! Korrika-apustuan ari ginen
eta gure gauzak zaintzen utzi genuen Yusuf
eta otsoak jan zuen eta,
sinetsiko ez badiguzu ere, egia diogu.
18 Eta tunika bat erakutsi zioten gezurrezko odol-arrastoekin.
Esan zuen: Ez! Zeuen arimak zerbaitetara eragin dizue;
baina ederra da pazientzia
eta Allahgan bilatu behar da laguntza,
esaten duzuenaren aurka.
19 Eta bidaiari batzuk heldu ziren,
eta ur-arduraduna putzura bidali zuten ur bila,
eta ur-baldea jaitsi zuenean, oihu egin zuen:
Hau poza! Mutil gazte bat dago hemen.
Eta salgai jartzeko ezkutatu zuten.
Baina Allahk bazekien zer ari ziren.
20 Merke saldu zuten, dirham gutxi batzuk,
hura gainetik kentzeko.
21 Eta erosi zuenak −Misr-ekoa zen− esan zion emazteari:
Har ezazu adeitasunez gure artean dagoen bitartean,
zeren, agian, baliozko izango dugu edo semetzat hartuko.
Horra nola eman genion egoera ona Yusufi lurrean,
eta egoki iruditu zitzaigun
hari kontakizunak interpretatzen irakastea.
Allah Garaiezina da bere Agintean,
baina gizakirik gehienek ez dakite hori.
22 Heldutasunera iritsi zenean,
jakinduria eta ezagutza eman genizkion.
Horra nola saritzen ditugun ongia egiten dutenak.
23 Orduan, etxeko andreak maitasuna egiteko eskatu,
ateak itxi eta esan zion: Zatoz hona.
Hark erantzun zion: Allahk babes nazala!
Nire Jauna da babesik hoberena.
Gauza ziurra da ezen bidegabeek
ez dutela arrakastarik izaten.
24 Emakumeak irrikatu zuen eta gizakiak irrikatu zuen,
baina Jaunaren froga zela konturatu zen hau.
Halaxe izan zen, harengandik gaiztakeria
eta lotsagabekeria aldentzeko.
Benetan, gure zerbitzari aukeratuetakoa da.
25 Biek aterantz egin zuten korrika,
eta emakumeak tunika urratu zion atzetik, eta, honetan,
haren senarrarekin egin zuten topo.
Emakumeak esan zuen:
Zein ordain merezi du zure familiarentzat
kalte bila dabilenak,
preso sartzea edo zigor mingarri bat jasotzea baizik?
26 Esan zuen Yusufek: Berak eskatu dit.
Eta emakumearen familiako lekuko batek iradoki zuen:
Tunika aurretik baldin badago urratua,
etxeko andreak egia dioen seinale
eta Yusuf gezurretan ari den seinale,
27 baina tunika atzetik baldin badago urratua,
orduan emakumea ari da gezurretan
eta Yusuf egia esaten dutenetakoa da.
28 Eta tunika atzetik urratuta zegoela ikustean, esan zuen:
Zuen, emakumeen, trikimailuetako bat da hori,
egia baita handia dela zuen maltzurkeria.
29 Yusuf! Ahantz ezazu hau guztia, eta, zuk,
eska ezazu barkamena zeure hutsegiteagatik,
hutsegiteak egiten dituztenetakoa izan baitzara.
30 Eta esan zuen emakume-talde batek hirian:
Aziz-en emazteak bere morroia nahi izan du,
harekiko grina hondoraino iritsi zaio
eta galdurik dakusagu argiro.
31 Etxeko andreak, haien azpilanen berri izan zuenean,
deiarazi eta gonbidatu zituen.
Aizto bana eman zien, eta esan zuen:
Atera zaitez horien aurrera!
Eta ikusi zutenean, liluraturik geratu ziren
eta ebakiak egin zituzten eskuetan konturatu gabe.
Esan zuten: Allah izan bedi gurekin!
Hau ez da gizakumea, aingeru miresgarri bat baizik.
32 Etxeko andreak esan zuen:
Horra gizakia, zeinengatik gaitzetsi bainauzue;
nik eskatu nion, baina ez zuen nahi izan;
hala ere, agintzen diodana egiten ez badu,
preso jarriko dute eta umiliatuen artean geratuko da.
33 Esan zuen: Ene Jauna! Nahiago dut kartzela,
gonbidatu nautenera makurtu baino;
baina horien azpikeriak nigandik aldentzen ez badituzu,
amore emango dut haien aurrean,
eta ezjakinen taldekoa izango naiz.
34 Bere Jaunak erantzun zion,
eta urrundu egin zuen haien amarruetarik;
gauza ziurra da ezen Hura dela entzuten duena, dakiena.
35 Gero, seinaleak ikusi arren,
egoki iruditu zitzaien aldi baterako hura kartzelan sartzea.
36 Eta, harekin batean, bi morroi gazte sartu zituzten kartzelan.
Haietako batek esan zuen:
Neure burua ardoa egiten ikusi dut ametsetan.
Eta bigarrenak esan zuen:
Buruan ogi bat neramala ikusi dut neure burua,
eta txoriak handik jaten.
Emaguzu horien interpretazioa,
argi baitakusagu ongia egiten dutenetakoa zarela.
37 Erantzun zien:
Ez zaizue iritsiko zuen hornidurako zati den janaririk,
hura iritsi aurretik arazoa zertan datzan
nik zuei argitu baino lehen;
neure Jaunak irakatsi didanaren zati da hori.
Benetan, bertan behera utzi nuen
Allahgan sinesten ez zuen
eta Azken Bizitza ukatzen zuen
jendearen Adorazio-moldea.
38 Eta Ibrahim, Ishaq eta Yaqub
neure arbasoen Adorazio-moldeari jarraitu diot.
Guri ez zegokigun Allahri ezer eranstea;
Allahk gurekiko eta gizakiekiko izan duen mesedearen
parte da hori;
hala ere, gizaki haietako gehienak ez dira esker oneko.
39 Kartzela-kideok! Zer da hobea:
jaun desberdinak adoratzea ala Allah, Bakarra, Nagusia?
40 Allahz aparte adoratzen duzuena
ez dira izenak baizik, zuek eta zuen gurasoek jarritakoak,
zeinetara Allahk ez baitu jaitsarazi inolako ahalmenik.
Epaia Allahri bakarrik dagokio,
zeinek Bera bakarrik adoratzeko agindu baitu.
Hori da Adorazio zuzena;
halaz guztiz, gizakirik gehienek ez dakite hori.
41 Kartzela-kideok!
Zuetako batek ardoa zerbitzatuko dio bere jaunari;
bestea, berriz, gurutziltzatu egingo dute,
eta txoriek haren burutik jango.
Erabakia dago kontsultatu didazuen gaia.
42 Bien artean salbatutzat eman zuenari esan zion:
Hitz egiozu nitaz zeure jaunari.
Baina Shaytanek ahaztarazi egin zion hura aipatzea,
eta kartzelan jarraitu zuen urte batzuetan.
43 Eta esan zuen erregeak:
Zazpi behi argalek jaten zituzten
zazpi behi gizen ikusi ditut,
eta zazpi galburu berde eta beste hainbat ihar.
Handikiok! Argitu ikusi dudana,
ikuskariak interpretatzeko gai bazarete.
44 Esan zuten: Amets korapilatsua da
eta gu ez gara horrelako ametsak interpretatzeko gai.
45 Kartzelakobietatik libratu zenak,
geroago gogoratuz, aldi baten ondoren, esan zuen:
Nik esango dizut interpretazioa, utz iezadazu joaten.
46 Yusuf! Egiazalea zarenez,
emaguzu zeure iritzia zazpi behi argalek
zazpi behi gizen jaten dituztelakoaz
eta zazpi galburu berde
eta beste hainbeste ihar direlakoaz,
jendeagana itzul nadin eta jakin ahal dezaten.
47 Esan zuen: Zazpi urtetan ereingo duzue, ohi bezala.
Jasoko duzuen uzta utz ezazue beren galburuetan,
jateko behar duzuen pixka bat salbu.
48 Gero, zazpi urte zail helduko zaizkizue,
haietarako gordea duzuena agortuko dutenak,
gordeko duzuen apur bat izan ezik.
49 Gero, urte bat etorriko da,
zeinetan gizakiek laguntza izango baitu
eta dolarean zanpatuko.
50 Eta erregeak esan zuen:
Ekar ezazue nire aurrera.
Eta mezulariak, harengana iritsi zenean, esan zion:
Itzul zaitez zeure Jaunagana eta galde iezaiozu
nola gertatu zen emakume haiek eskuetan ebakiak egin izana;
segur aski, erregeak ezagutzen du haien azpijokoa.
51 Erregeak esan zuen:
Zer gertatu zen Yusuf irrikatu zenutenean?
Esan zuten: Allahk libra gaitzala!
Ez genuen hartaz ezer txarrik jakin.
Azizen emazteak esan zuen:
Orain ageri da egia, nik nahi izan nuen
eta benetan hura egiazalea da.
52 Honetarako da hau guztia:
jakina izan dadin, nik ez niola saldukeriarik egin
bera absente zela
eta Allahk ez duela gidatzen traidoreen maltzurkeria.
53 Ez dut esan nahi nire arima errugabea dela,
zeren egia baita arimak etengabe agintzen duela gaitza,
nire Jaunak errukia duenean salbu.
Benetan, nire Jauna Barkatzailea da eta Bihozbera.
54 Eta erregeak esan zuen:
Ekardazue!, neuretzat aukeratua dut eta.
Eta nola hitz egiten zion ikustean, esan zion:
Benetan, gaur postu ona duzu gure aurrean
eta seguru zaude.
55 Esan zuen: Emadazu biltegien ardura,
zeren, benetan, zaintzaile ona bainaiz
eta ezagutzen baitut arazo hori.
56 Horra nola eman genion postua Yusufi lurrean,
nahi zuen lekuan bizi baitzitekeen.
Nahi dugunagana heltzen gara geure errukiarekin,
eta ez dugu galtzen uzten ongia egiten dutenen saria.
57 Dena dela, Azken Bizitzako saria hobea da
sinesten dutenentzat
eta Allahren beldur direnentzat.
58 Eta etorri ziren Yusufen anaiak,
aurkeztu ziren haren aurrean eta hark ezagutu zituen;
haiek ez, ordea, hura.
59 Beren hornidurak eman zizkienean, esan zien:
Ekardazue aitaren aldeko zeuen anaia,
ikusi duzue neurri betea ematen dizuedala
eta gonbidatzaileetan hoberena naizela.
60 Ekartzen ez badidazue,
ez duzue nigandik hornidura gehiago izango,
eta ez duzue nigana hurbiltzerik izango.
61 Esan zuten: Konbentzituko dugu haren aita utz diezagun;
horra egingo duguna.
62 Eta bere morroiei esan zien:
Jar itzazue zakuetan ekarri dituzten gauzak,
beren jendeagana iristean aintzat har ditzaten,
eta itzularaz ditzan.
63 Eta beren aitagana itzuli zirenean, esan zioten:
Aita! Esan digute, ez gaituztela gehiago hornituko;
utziozu gure anaiari gurekin etortzen,
horrela horni gaitzaten;
eta, benetan, ondo zainduko dugu.
64 Esan zuen: Zuen esku utzi behar ote dut,
lehenago haren anaia utzi nuen bezala?
Allah babesle hobea da,
eta errukiorretan Errukiorrena da Hura.
65 Eta beren zakuak ireki zituztenean,
beren gauzak itzuli zizkietela ikusi eta esan zuten:
Aita! Zer gehiago opa dezakegu?
Eraman genuena itzuli egin digute.
Geure familiak hornituko ditugu,
geure anaia zainduko eta gamelu-karga bat gehiago izango.
Gauza erraza da hori.
66 Esan zuen: Ez dut zuekin bidaliko harik
eta zuek hitzeman arte, Allahren aurrean zin eginez,
ekarriko didazuela;
zuek guztiok mendean hartzen ez bazaituzte behintzat.
Eta hitzeman ziotenean, esan zien:
Esaten dugunaren Zaindari da Allah.
67 Eta esan zuen: Ene semeok!
Ez zaitezte sar denok ate beretik,
sar zaitezte ate desberdinetatik.
Nik ezin dut ezer egin zuentzat Allahren aurrean.
Benetan, erabakia Allahri bakarrik dagokio;
Harengan dut konfiantza,
eta izan dezatela konfiantza
Harengan konfiantza duten guztiek.
68 Eta beren aitak agindu zien tokitik sartu ziren.
Nahiz eta ez zien horrek ezertarako balio izango
Allahren aurrean, zeren Yaqubek bere arimako behar bat
asetzeko bakarrik izan baitzen;
eta, egia esan, bazuen hark ezagutza,
Gugandik hartua.
Hala ere, gizakirik gehienek ez dakite hori.
69 Eta Yusufen aurrean aurkeztu zirenean,
honek aparte hartu zuen anaia eta esan zion:
Zure anaia nauzu;
ez zaitez atsekabetu horiek egin zutenagatik.
70 Eta hornidurak ematekoan,
kopa bat sartu zuen bere anaiaren zakuan.
Gero, norbaitek oihu egin zuen:
Karabanakook, lapurrak zarete!
71 Esan zuten haiengana itzuliz:
Zer galdu duzu?
72 Esan zuten: Erregearen kopa galdu dugu.
Aurkituko duenak gamelu-karga bat izango du,
nire hitza da.
73 Esan zuten: Allahgatik!,
ondo asko dakizu ez garela etorri lurrera
ustelkeria ekartzera,
eta ez garela lapurrak.
74 Esan zuten: Eta gezurretan ari bazarete,
zein zigor emango dizuegu?
75 Erantzun zuten: Kopa daukan zakuaren jabearen zigorra,
izan dadila jabea bera.
Horrela ordaintzen diegu bidegabeei.
76 Eta haien zakuak miatzen hasi zen,
anaiarena miatu aurretik,
ondoren haien anaiaren zakua ateratzeko.
Horra nola erakutsi genion Yusufi trikimailua,
hartaz balia zedin.
Erregearen legearen arabera,
ezin zuen bere anaia atxilotu,
Allahk nahi ezean.
Mailaz goratu egiten dugu nahi duguna;
eta ezagutza duen ororen gainetik dago
Ezagutzaile bat.
77 Esan zuten: Lapurreta egin badu,
horren anaia batek ere egin zuen lehenago lapurreta.
Eta Yusufek, haiei erakutsi gabe,
esan zuen berekiko:
Zuek egoera okerragoan zaudete
eta Allahk badaki zer leporatzen duzuen.
78 Esan zuten: Ene ´Aziz!, honek aita oso zaharra du,
har ezazu gutako bat horren ordez,
benetan dakusagu ongia egiten dutenetakoa zarela.
79 Esan zuen: Allahk libra gaitzala inor atxilotzetik,
gure kopa azaldu den zakuaren jabea bera ez bada;
zeren, bestela, bidegabe izango baikinateke.
80 Eta itxaropena galdu zutenean,
bazter batera erretiratu ziren erabakia hartzeko.
Haietan zaharrenak esan zuen:
Ez al dakizue Allahren aurrean
zin eginez gure hitza jaso zuela gure aitak,
lehenago Jusufekin izan zenuten arreta-faltaz gainera?
Ez naiz irtengo lur honetatik,
neure aitak baimena ematen didan bitartean
edo Allahk nire alde ebatzi aurretik.
Eta Hura da Epailerik onena.
81 Itzul zaitezte zeuen aitagana eta esaiozue:
Aita! Zure semeak lapurreta egin du;
dakigunaz bakarrik damaizugu fedea
eta ez gara ezagutzen ez denaren arduradun.
82 Galde ezazu egon garen hirian
eta gurekin batera etorri den karabanari.
Benetan, egia diogu.
83 Esan zuen: Ez! Zeuen arimak
zerbaitetara eragin dizue,
baina pazientzia bikaina!
Gerta daiteke Allahk denak batera niri ekartzea;
egiaz, Hura da Ezagutzailea eta Jakintsua.
84 Haiengandik aldendu eta esan zuen:
Hau pena nirea Yusufengatik!
Eta haren begiak, goibel, zuri bihurtu ziren,
haserrearen minari eutsiz.
85 Esan zuten: Allahgatik,
ez ote diozu utzi behar Yusufez gogoratzeari,
erabat gaixotu edo hil baino lehen?
86 Esan zuen: Allahren aurrean bakarrik deitoratzen dut
nik neure mina
eta nire nahigabea,
eta badakit Allahz, zuek ez dakizuena.
87 Ene semeok! Zoazte eta ikertu Yusufez
eta anaiaz,
eta ez etsi Allahren errukiaz,
zeren sinetsi nahi ez dutenek bakarrik etsitzen baitute
Allahren errukiaz.
88 Eta haren aurrera aurkeztu zirenean, esan zuten:
Aziz! Zoritxarrak jo gaitu gu geu eta gure familia,
eta balio gutxiko truka-gaia dakarkigu;
horni gaitzazu neurri osoa emanez
eta izan zaitez eskuzabal gurekin.
Gauza ziurra da ezen Allahk
eskuzabal ematen dutenak saritzen dituela.
89 Esan zuen: Ba al dakizue zer egin zenuten Jusufekin
eta haren anaiarekin ezjakinak zinetenean?
90 Esan zuten: Jusuf zara?
Esan zuen: Jusuf naiz eta hau nire anaia da!
Allahk faboratu gaitu.
Allahren beldur dena eta pazientzia duena…
egia da, Allahk ez duela galtzen
uzten ongia egiten dutenen saria.
91 Esan zuten: Allahgatik!,
zu hobetsi zaitu Allahk gure gainetik,
eta egia da gaiztakeriak egin ditugula.
92 Esan zuen: Ez dut ezer zuei aurpegira botatzeko;
gaur Allahk barkatu dizue,
eta errukiorretan Errukiorrena da Hura.
93 Zoazte nire tunika hau eramanez
eta bota ezazue nire aitaren aurpegiaren gainera,
berriro ikusten hasiko baita horrela,
eta ekardazue zeuen familia osoa.
94 Eta karabana abiatua zenean,
esan zuen haien aitak:
Yusufen usaina aditzen dut,
burutik nahastua nagoela uste izango baduzue ere.
95 Esan zuten: Allahgatik!,
antzinako zeure galbidera itzuli zara!
96 Eta berri onen eramailea heldu zenean,
aurpegiaren gainera bota zion
eta ikusmena berreskuratu zuen.
Eta esan zuen: Ez al nizuen esan,
zuek ez zenekitena nekiela Allahz?
97 Esan zuten: Aita! Barkatu gure hutsegiteak,
benetan gaiztakeriak egin ditugu.
98 Esan zuen: Eskatuko diot neure Jaunari
zuentzat barkamena,
egia baita Hura dela Barkatzailea, Bihozbera.
99 Eta Yusufen aurrean aurkeztu zirenean,
honek bere gurasoak besarkatu eta esan zuen:
Sar zaitezte Mirs-en, Allahk nahi badu,
segurtasun osoz.
100 Tronura igoarazi zituen bere gurasoak
eta ahuspez errespetuz jarri ziren haren aurrean;
esan zuen: Ene Aita!
Hau da lehenengo nire ikuskariaren interpretazioa,
nire Jaunak betearazi du,
eta mesede egin zidan kartzelatik libratuz
eta zuek basamortutik nigana ekarriz,
Shaytanek nire eta nire anaien artean
liskarra sortu ondoren.
Benetan, Onbera da nire Jauna nahi dituen gauzetan,
eta gauza ziurra da Hura Ezagutzailea dela,
Jakintsua.
101 Ene Jauna! Agintea eman didazu
eta kontakizunak interpretatzen irakatsi.
Zeruak eta lurra kreatu zenituen Hori,
nire Babeslea zara bizitza honetan eta Azkenekoan.
Egizu, hil nadila Zure mendeko izanez
eta bil nazazu zuzenekin.
102 Inspiratu genizun Ikusten-ez-denaren
albisteetarik da hori,
zu ez zeunden haien ondoan haiek
beren arazoa erabaki
eta azpijokoari ekin ziotenean.
103 Baina gizakietan gehienak,
zuk antsiatu arren, ez dira sinestedun.
104 Eta ez iezaiezu eskatu ordainik trukean.
Munduentzat oroitzapen bat besterik ez da.
105 Zenbat seinale dauden zeruetan eta lurrean!
Haien aurretik pasatu eta apartatu egiten dira.
106 Haietako gehienek ez dute Allahgan sinesten,
eta eransle dira.
107 Seguru ote daude inguratuko dituen
Allahren zigorraren zerbaitek ez dituela harrapatuko,
edo ez zaiela ordua bat-batean iritsiko,
konturatu gabe?
108 Esazu: Hau da nire bidea.
Ikuskari argi batean oinarriturik egiten dut deia
Allahren Adoraziorako,
bai neuretzat,
bai jarraitzen didatenentzat.
Eta Aintza Allahri!
Ez naiz eransten dutenetakoa.
109 Zure aurretik ez ditugu bidali izan
gizaki zirenak baizik,
hirietako jende artetik atereak ziren,
zeini inspiratu baitzitzaien.
Ez ote dira joan lurrean barna
eta ez ote dute ikusi zein azken izan zuten
beraiek baino lehen izan zirenek?
Benetan, Azken Bizitzako Egoitza hobea da
Allahren beldur direnentzat.
Ez ote duzue gogoeta egin behar?
110 Behin betiko ukoa egin zitzaiela pentsaturik,
gure mezulariek etsi zutenean ere,
gure laguntza heldu zitzaien,
eta nahi genituenak salbatu genituen.
Gure zigorra ez da apartatzen
gaitza egiten dutenengandik.
111 Haien historian bada ikasbide bat funtsezkoa,
aitortzen dakitenentzat.
Eta ez da asmatutako kontakizuna,
lehendik zeukatenaren berrespena baizik,
gauza bakoitzaren argitzea eta gida eta errukia baizik
sinesten duen jendearentzat.

Hud

Allahren, Errukiorraren, Bihozberaren izenean

Baina egokitu zitzaion zoritxarraren ondoren
zoriona dastarazten badiogu, seguru esango duela:
Aldendu dira nigandik gaitz guztiak.
Eta pozik jarriko da, harro.
Baina ez da horrelakorik gertatzen pazientzia dutenekin
eta ongiaren egintzak bururatzen dituztenekin.
(10-11)

Ene jendea!
Jokatu zuzen neurriarekin eta pisuarekin.
Ez balio-gutxitu gizakien gauzak,
ezta gaitzik egin ere lurrean, usteltzaile bezala.
(85)

Esan zuen: Ene jendea!
Ez ote duzue ikusten Jaunak emandako froga argi batean oinarritzen naizela,
Hark hornitzen nauela bere hornidura on batez
eta ez dudala izan nahi zuek ez bezalakoa debekatzen dizkizuedan gauzei dagokienez,
baizik eta zuzendu besterik ez dudala
egin nahi ahal dudan hura?
Eta ezin naiz ondo bideratua egon,
Allahren bidez ez bada;
Hura dut euskarri eta Harengana noa itzulian.
(88)

Eta eskatu barkamena zeuen Jaunari,
eta itzuli Harengana, gauza ziurra baita
nire Jauna Bihozbera dela, Amultsua.
(90)

Eta ezar ezazu salat-a egunaren bi muturretan
eta gaueko lehen orduetan;
gauza ziurra da ezen on diren
egintzek txarrak ezabatzen dituztela.
Oroigarri bat da hau gogoeta egiten dutenentzat.
Eta izan zaitez pazientzia handikoa,
zeren Allahk ez baitu uzten
ongia egiten dutenen saria gal dadin.
Zergatik ez zen izan zuen aurreko belaunaldietan
jende adoretsu eta bereizmendunik,
lurrean ustelkeria eragotzi zezakeenik?
Hartatik, salbatu genituenen artean,
gutxi batzuk bakarrik libratu ziren;
bitartean, bidegabeek bizitza errazean jarraitzen zuten,
zeinetan usteldu baitziren,
gaitza egiten dutenetarik zirela.
Eta zure Jaunak ez zuen suntsitu nahi
hiri bat inolako bidegabekeriagatik,
hango biztanleak ordena ezartzen dutenetakoak
izango ziren bitartean.
Zure Jaunak, nahi izan balu, gizaki guztiek
komunitate bakar bat osa zezaten egingo zuen.
Halere, ez diote utziko elkarren aurkari izateari.
Zure Jaunak errukia eman diezaion hura salbu.
Eta horretarako kreatu zituen.
Beteko da zure Jaunaren hitza:
«Gizakiez eta jeinuez, denak batera,
beteko du Yahannam».
(114-119)

Yunus

Allahren, Errukiorraren, Bihozberaren izenean

Eta gizakiak, zoritxarren batek jotzen duenean,
etzanik, eserita nahiz zutik egiten digu dei,
baina, hartatik libratzen dugunean,
lehenean jarraitzen du,
ezbeharrekoan dei egin ez baligu bezala.
Horra nola egiten dugun gehiegikerietan dihardutenei
beren egintzak eder irudi dakizkien.
(12)

Gizakiek komunitate bakarra eratzen zuten,
baina liskarra sortu zuten beren artean;
eta, zure Jaunaren aldez aurreko hitz batengatik izan ez balitz,
erabakia geratuko zen haiek
beren artean eztabaidagai zutena.
(19)

Baina Hark salbatu dituelarik,
desobedientziazko egintzak bururatzen dituzte lurrean,
eskubiderik gabe.
Gizakiok! Egin dezazuen bidegabekeria guztia zeuen kontrakoa izango da.
Izango duzue mundu honetako bizitzaren gozamena,
baina, gero, Gugana itzuli beharko duzue
eta orduan jakinaraziko dizuegu egiten zenutena.
(23)

Eta Allahk Bakearen Egoitzara deitzen du
eta nahi duena gidatzen bide zuzenera.
(25)

Koran hau ez da ezertan ere Allahz kanpo asmatua;
baizik eta bera baino lehenagotik bazenaren baiespena da
eta Liburuaren azalpen zehatza,
zeinetan ez baitago dudarik,
eta munduen Jaunagandikoa baita.
(37)

Benetan, Allahk ez die kalterik egiten gizakiei ezertan,
baizik eta hauek dira beren buruari kalte egiten diotenak.
(44)

Eta edozein egoeratan zaudetela,
haren errezitazioa egiten duzuela,
edozein egintza bururatzen duzuela,
egiten duzuenaren Lekuko gara
ekiten diozuenetik beretik.
Zure Jaunari ez zaio ezer pasatzen zeruan eta lurrean,
Hura ohartzeke, ez hauts-tanta baten pisua,
ez beste ezer txikiagorik edo handiagorik,
liburu batean argi gelditu gabe.
Ez al da gauza ziurra ezen Allahren adiskideek
ez dutela izango zertan beldur izan,
eta ez direla atsekabetuko?
Sinetsi zuten eta Haren beldur izan ziren haiek.
(61-63)

Eta jaitsarazi dizugunaz zalantzak badituzu,
galde iezaiezu zure aurretik Liburua irakurtzen zutenei.
Zeure Jaunaren egia heldu zaizu;
ez zaitez izan eszeptikoetakoa.
(94)

Eta Allahk kalte batez ukitzen bazaitu,
Hark beste inork ez zaitu libratuko hartatik.
Eta gauza onen bat ematen badizu…
Ez dago inor Haren mesedea eragotz dezakeenik.
Bere zerbitzarien arteko nahi duenari helarazten dio.
Eta Barkatzailea da Hura, Errukiorra.
(107)