dimanche 7 décembre 2008

Eta dei egin jendeari Hadjera...

Allahren, Errukiorraren, Bihozberaren izenean,
Eta dei egin jendeari Hadjera, datozela zugana oinez edo abere gainean, datozela urruneko edozein bidetatik.
Jasotako mesedeen testigantza egin eta egun jakinetan Allahren izena aipa dezaten Hark eman dizkien talde-abereen gainean. Beraz, jan ezazue haietatik, eta eman jaten behartsuari eta zoritxarrekoari.
Gero, garbi daitezela zikinkeriatik, bete ditzatela beren promesak eta eman diezazkiotela jirak Antzinako Etxeari.
(Sura Hadja, 27-28-29)

dimanche 31 août 2008

Ramadaneko baraualdiaz (surat Al Baqara)

Allahren Errukiorraren, Bihozberaren izenean,

Sinestedunok! Barau egiteko agindu zaizue,
zuen aurrekoei agindu zitzaien bezala.
Izango ahal zarete Allahren beldur!
Egun-kopuru jakin baterako,
hartarako finkatua den hartarako.
Baina gaixo edo bidaian denak
epez kanpo egin dezake barau hori,
beste hainbat egunetan.
Eta egin ahal izanik, egin ez dutenek edo eten dutenek
elika ditzatela, konpentsazio gisa, pobre batzuk.
Baina ongia berez egiten duenak,
hobe izango du beretzat.
Eta barau egitea zeuen onerako izango duzue,
baldin badakizue.
Ramadan hilabetean errebelatu zen Koran,
gizakientzako norabidea,
eta Gidaren eta Bereizmenaren proba argia;
beraz, zuen artean hilabetea ikusiko duenak
egin dezala barau;
eta gaixo edo bidaian denak egin dezala
beste hainbat egunetan beste garai batean.
Allahk gauza errazak nahi ditu zuentzat eta ez zailak;
baina zuek egun-kopurua osatzea nahi du
eta Allahren handitasuna aldarrikatzea,
gidatu zaituztelako.
Izango ahal zarete esker oneko!
Eta nire zerbitzariek Nitaz galdetuko dizutenean…
Hurbil nago eta entzuten diot
eskatzen didanaren erreguari, eskatzen didanean;
beraz, erantzun diezadatela Niri eta sinets dezatela Nigan;
jarraituko ahal diote gida zuzenari!
Barau-eguneko gauean zilegi duzue
emazteekin sexu-harremanak bururatzea;
emazteak jantzi dira zuentzat
eta zuek ere jantzi zarete haientzat.
Allahk jakin zuen zeuen burua engainatzen zenutela,
baina zuengana itzuli zen bere mesedearekin eta barkatu zizuen;
beraz, etzan zaitezte haiekin
eta bilatu Allahk agindu dizuena.
Jan ezazue eta edan, harik eta gauaren hari beltza
eta egunsentiko hari zuria garbi bereiziko dituzuen arte.
Gero, egin barau zorrotz arratsa arte.
Baina mezkitetan erretiroan baldin bazaudete,
ez etzan haiekin erretiroak irauten duen bitartean.
Allahk jarritako mugak dira horiek,
egon haiengandik aparte.
Horrela argitzen dizkie Allahk gizakiei
bere ezaugarriak.
Izango ahal dira kontuan!
(183-187)

jeudi 7 août 2008

Al-Anbia, Profetak

Allahren, Errukiorraren, Bihozberaren izenean
Arima orok dastatu beharra du heriotza.
Ongiarekin eta gaizkiarekin aztertuko zaituztegu,
eta Gugana itzuliko zarete.
(35)
Ongia egin eta sinestedun izango dena…
Ez da izango esker txarrik haren ahaleginarekiko
eta, benetan, idatzi egingo dugu haren izena liburuan.
(94)
Eta ez zaitugu beste ezertara bidali,
mundu guztiarentzako erruki gisa baizik.
Esazu: Benetan inspiratu zait
ezen Jainko Bakarra dela zuen jainkoa.
Esanekoen artekoak izango ote zarete?
(107-108)

Ta, Ha

Allahren, Errukiorraren, Bihozberaren izenean
Ta, Ha.
Ez dugu jaitsarazi Koran zugana, larritu zaitezen.
Baizik oharpen gisa, kontuz ibili nahi duenarentzat.
Lurra eta zeru garaiak kreatu dituen Haren jaitsiera da.
(1-4)
Eta zuk ozenki hitz egin… edo ez,
Hark ezagutzen du ezkutukoa
eta baita hori baino areago ere.
Allah, ez da Hura beste jainkorik,
Harenak dira izenik ederrenak.
(7-8)
Baina zuzentasuna praktikatu
eta sinestedun dena,
ez dadila ez bidegabekeriaren,
ez gutxiespenaren beldur izan.
Horra nola jaitsarazi dugun arabierazko errezitazio gisara
eta nola errepikatu ditugun hartan
mehatxuzko promesak,
ea kontuz ibiltzen diren
edo oharpentzat balio dizkieten.
(112-113)
Agindu zeure jendeari salata
eta iraun ezazu hartan.
Ez dizugu mantenurik eskatzen,
Guk mantenduko zaitugu.
Eta azken ongia Allahren beldur izateari dagokio.
(132)

Maryam

Allahren, Errukiorraren, Bihozberaren izenean
Esan zuen: Allahren zerbitzaria naiz.
Liburua eman dit Hark eta profeta egin nau.
Eta bedeinkatua egin nau nonahi nagoela,
eta otoitza gomendatu dit eta garbiketa,
bizi naizen bitartean.
Eta neure amarekin onbera izatea;
ez nau egin ez lotsagabe, ez bihurri.
Bakea izan dadila nirekin jaio nintzen egunean,
neure heriotza-egunean eta bizia itzuliko zaidan egunean.
Hori da Isa, Maryamen semea, Egiaren hitza,
zeina dudan jartzen baitute.
Ez dagokio Allahri semerik hartzea.
Aintza Hari! Zerbait erabakitzen duenean,
hau bakarrik esaten du Hark: Izan bedi, eta bada.
Eta, benetan, nire Jauna da Allah,
eta zuena ere bai, adora ezazue, beraz.
Bide zuzena da hori.
(30-36)
Eta gidari jarraitu diotenak
Errukiorrak handituko ditu gida hartan.
Eta hitz eta egintza iraunkorrek eta zuzenek
sari eta emaitza hobeak izango dituzte zure
Jaunaren aurrean.
(76)
Eta esaten dute: Errukiorrak seme bat hartu du.
Benetan, ezbeharra dakarzue.
Zeruak pitzatzeko zorian daude,
lurra irekitzeko eta mendiak erortzeko zorian,
haiengatik.
Errukiorrari seme bat egozten diotelako.
Eta Errukiorrari ez dagokiolako seme bat hartzea.
Zeruetan eta lurrean dauden guztiak
ezin dira aurkeztu Errukiorraren aurrean
zerbitzari bezala baizik.
Eta egia da ezen Hark ezagutzen duela
haien kopurua eta ondo zenbatuak dituela.
Denak banan-banan etorriko dira
Haren aurrera Igotze Egunean.
Benetan, sinesten eta egintza zuzenak egiten dituztenei
Errukiorrak maitasuna erakutsiko die.
(88-96)



mercredi 6 août 2008

Al Kahf, Haitzuloa

Allahren, Errukiorraren, Bihozberaren izenean

Goretsia izan bedi Allah,
Bere zerbitzariagana Liburua jaitsarazi duena
eta han ezer nahasirik jarri ez duena.
Baizik eta zuzenean ematen du mezua,
Bere aldetiko indarkeria handia adierazteko,
eta sinestedunei iragartzeko ezen zuzentasun-egintzak bururatzen dituzten
horiek sari ederra izango dutela,
betiko jokabide hartan iraunez.
Eta «Allahk seme bat hartu du Beretzat»
esaten dutenak ohartarazteko.
Ez haiek eta ez haien gurasoek ez dute horren berririk,
beren ahotik ateratzen duten hitz larria da hori.
Esaten duten hori gezur hutsa da.
Eta agian atsekabez beteko zara haien ondoren,
kontakizun honetan sinesten ez badute.
Lurrean dagoena, bere-berea duena,
apaingarritzat eman dugu,
jokatzen haietako zein den hoberena frogatzeko.
Eta, benetan, hartan dagoena
lur gorrian geldi dadin egingo dugu.
(1-8)
Eta ez esan zuk ezertaz: Bihar egingo dut;
beste hau «Allahk nahi badu»
gehituz ez bada.
Eta hori egiteaz ahazten bazara,
izan gogoan Jauna, eta esan:
Gerta liteke nire Jaunak gida zuzenetik
hori baino hurbilago dagoen zerbaitera ni gidatzea.

(23-24)

Eta errezita ezazu zeure Jaunaren
Liburutik inspiratu zaizuna,
ez da Haren hitzak ordezka dezakeenik,
eta Hartaz aparte ez duzu babesik aurkituko.
(27)

Errezitazio honetan mota guztietako
adibideak eman dizkiegu gizakiei,
baina denik eta eztabaidazaleena da gizakia.
(54)

Esazu: Itsasoa nire Jaunaren hitzentzat tinta izango balitz,
agortu egingo litzateke hura nire Jaunaren hitzak
ahitu baino lehen,
baita beste hainbeste ekarriko bagenu ere.
Esazu: Ez naiz gizaki baizik,
zuek bezalakoa naiz, zuen jainkoa
Jainko Bakarra dela inspiratu didate;
beraz, Jaunarekin topo egitea espero duenak
joka dezala zuzen eta, bere Jauna adoratzean,
ez diezaiola Hari beste ezer erantsi.
(109-110)

mardi 5 août 2008

Al ´Isra, Gaueko Bidaia

Allahren, Errukiorraren, Bihozberaren izenean

Aintza Bere zerbitzaria,
Gure ezaugarrien zati bat erakusteko,
gauez eraman zuen Hari
Ukiezineko Mezkitatik Mezkita Urrunekora,
zeinen ingurunea bedeinkatu baitugu!
Benetan, entzuten duena da Hura
eta ikusten duena.
(1)

Gauza ziurra da ezen
Errezitazio honek bide zuzenera gidatzen duela
eta egintza zuzenak bururatzen dituzten sinestedunentzat
berri onak dakartzala,
egundoko saria izango dutela.
(9)

Ongia eskatzen duen bezala eskatzen du gaizkia gizakiak,
presatia da gizakia beti.
(11)

Irakur ezazu zeure Liburua!
Gaur aski zara zu zeu, kontuak ateratzeko.
Bere burua gidatzen duenak
bere onerako egiten du
eta desbideratzen denak bere kalterako.
Inor ez da zamatuko beste baten zamarekin.
(14-15)

Begira nola faboratu ditugun batzuk
besteak baino gehiago.
Hala ere, Azken Bizitza goragokoa da
mailaz eta lehentasunez.
(21)

Zure Jaunak Bera bakarrik adoratzeko agindu du,
eta gurasoei on egiteko.
Eta haietako bati edo biei batera zahartzarora iristea
zure ondoan egokitzen bazaie,
ez iezaiezu esan «puff!» bezalakorik,
ezta baztertu ere,
baizik eta hitz egiezu hitz onekin.
Jaitsi ezazu haiengana apaltasunaren hegoa,
errukiak eragiten duena,
eta esazu: Ene Jauna! Izan ezazu haiekin errukia,
haiek nirekin txikitan izan zuten bezala.
(23-24)

Eta ez hurbildu haragikeriara,
itsuskeria baita hori eta bide txarra.
(32)

Ez ibili lurrean harro-harro,
ez baitzara gai lurra gainditzeko,
ezta mendi-gailurrera iristeko ere.
(37)

Eta Koran errezitatzen duzun bakoitzean,
oihal babesle bat jartzen dugu
zure eta Azken Bizitzan sinesten ez dutenen artean.
(45-46)

Eta esaiezu Nire zerbitzariei,
mintza daitezela hitzik hobenekin,
zeren egia baita Shaytanek liskarra sortzen duela
haien artean;
benetan, gizakiarentzat arerio amorratua da
Shaytan.
(53)

Egia da Adamen seme-alabak ohoratu ditugula.
Lehorrez eta itsasoz eramaten ditugu,
gauza onak ematen dizkiegu horniduratzat
eta hobespen handiz faboratu ditugu
beste sorkari askoren aldean.
(70)

Ezar ezazu salata eguzkia sartzen hastetik
gaueko iluna iritsi arte,
baita egunsentiko Errezitazioa ere.
Gauza ziurra da egunsentiko errezitazioa
testigaturik dagoela.
Eta beila ezazu gau-zati bat,
zeure gogozko egintza bezala;
gerta dakizuke zeure Jaunak goresgarri den
maila batera zu jasotzea.
Eta esazu: Ene Jauna!
Sarraraz nazazu egiazaletasunaren sarreratik
eta ateraraz nazazu egiazaletasunaren irteeratik
eta emadazu lagunduko nauen
Zugandiko ahalmena.
Eta esazu: Etorri da egia eta desegin da gezurra;
egia da, gezurra desegiten dela.
Eta Koranen bidez, sendabidea eta errukia jaitsarazten ditugu
sinesten dutenentzat;
hala ere, bidegabeek ez dute galbidea areagotu
besterik egiten.
Eta gizakia, mesede bat egiten diogunean,
apartatu egiten da eta berera urruntzen;
baina gaitz batek jotzen duenean,
etsirik gelditzen da.
Esazu: Joka dezala nork bere erara,
baina zuen Jaunak hobeto daki zein dagoen
bidean hobeto gidaturik.
(78-84)

Zatitan banatu dugun Koran da,
gizakiei mailaka errezita diezaiezun.
Eta horrela jaitsarazi dugu
bata bestearen segidako errebelaziotan.
(106)

Esazu: Dei egin Allahri! edo dei egin Errukiorrari!
nolanahi dei egiten diozuela,
izenik ederrenak ditu Hark.
Eta ez ozendu zeure ahotsa zeure otoitzean,
ezta isildu ere;
bila ezazu erdi-bide bat.
Eta esazu: Gorespenak Allahrentzat,
Zeinek ez baitu hartu beretzat seme-alabarik,
ez baitu partaiderik bere nagusitzan,
eta ez baitu inoren beharrik umilazioaren kontra
defenditzeko!
Goratu ezazue,
Haren handitasuna aldarrikatuz.
(110-111)

An-Nahl, Erlea

Allahren, Errukiorraren, Bihozberaren izenean

Allahri dagokio bide egokia erakustea,
baina badira desbideratzen diren bideak;
nahi balu, denok gidatuko zintuzkete.
(9)

Jainko Bakarra da zuen jainkoa.
Azken Bizitzan sinesten ez dutenek
ukapenez betetako bihotzak dituzte
eta harrokeriaz beterik daude.
Zalantzarik ez dago ezen Allahk ezagutzen duela
ezkutuan gordetzen eta agerian duzuena;
benetan, Hark ez du maite jende harroa.
(22-23)

Benetan, zerbait izan dadin nahi dugunean,
besterik gabe esaten diogu:
Izan zaitez, eta bada.
(40)

Allahren aurrean, zeruetan eta lurrean diren bizidunak
oro ahuspezten dira, baita aingeruak ere;
eta horiek ez dute harrokeriarik erakusten.
Beren gainean duten beren Jaunaren beldur dira,
eta agintzen zaiena egiten dute.
(49-50)

Allahk kreatu zintuzten eta Beregana dei egingo dizue;
eta izango da zuen artean
bizia luzatuko zaionik adin zahar okituraino iritsi arte,
zerbait jakin ondoren ezer ez jakitera iristeko.
(70)

Allahk irtenarazi zintuzten zeuen amaren sabeletik
eta ez zenekiten ezer.
Eta entzumena, ikusmena eta, esker oneko izan zintezten,
bihotza eman zizkizuen.
Agian, horrela esker onekoak izango zarete.
(78)

Komunitate bakoitzean haietakoa den
lekuko bat aterako dugunean
eta haiei buruzko testigu bezala
etorraraziko zaitugunean.
Liburua jaitsarazi dugu zugana,
gauza bakoitzarentzat argibide eta gida,
errukia dena,
eta meneko direnentzat (musulmanentzat) berri on dena.
Benetan, Allahk zuzentasuna agintzen du,
bikaintasuna eta hurbileko ahaideei laguntza emateko;
eta lotsagabekeria, gaitzesgarri dena
eta bidegabekeria debekatzen ditu.
Aholkuak ematen dizkizue, gogoeta egin dezazuen.
(89-90)

Allahk nahi izan balu,
zuekin komunitate bakar bat osatu izango zuen,
baina nahi duena desbideratzen du Hark
eta nahi duena gidatzen.
Benetan, galdekatuko zaituztete egina duzuenaz.
(93)

Zuzen jokatu duenari,
gizonezkoa nahiz emakumea izan,
sinestedun bada, bizimodu ona egiteko
era emango diogu eta dagokion saria,
egina duen ongiaren arabera.
(97)

Eta Koran errezitatzera zoazenean,
eska iezaiozu babesa Allahri,
Shaytan harrikatuaren aurka.
(98)

Sinetsi ondoren Allah ukatzen duena
−baldin eta behartua izan eta bihotzean sinesmenari
irmo eutsi diona ez bada−
eta bere bihotza sinesgabetasunari irekitzen diona…
Halakoen gain jaitsiko da
Allahren haserrea eta zigor itzela jasoko dute.
(106)

Debekatuak dituzue: sarraskia, odola, txerrikia
eta Allah ez beste baten izenean opari egindakoa;
hala ere, behartua izan dena,
bere gogoz izan gabe eta legea hausteko asmorik gabe…
Gauza ziurra da ezen Barkatzaile dela Allah,
Bihozbera.
(115)

Dei egiozu jendeari zeure Jaunaren bidera,
jakinduriaz, aholku onak emanez
eta erarik hobenean konbentziaraziz;
benetan, zure Jaunak ezagutzen du
Haren bidetik desbideratzen dena
eta ezagutzen ditu gidatuak.
(125)

Eta izan ezazu pazientzia,
zeren zeure pazientzia Allahgandik bakarrik baitatorkizu.
Eta ez zaitez atsekabetu haiengatik,
eta ez larritu darabilten azpijokoagatik.
Gauza ziurra da
Haren beldur direnekin dagoela Allah,
eta ongia egiten dutenekin.
(127-128)

Al Hiyr


Allahren, Errukiorraren, Bihozberaren izenean
Gizakia lohi beltzetik kreatu dugu,
lohi moldakor beltzetik ateratakotik.
Eta jeinuak aurrez kreatuak genituen, Samun-en sutik atereaz.
(26-27)

Benetan, Allahren beldur direnak
baratzeetan eta iturrietan biziko dira.
“Sar zaitezte haietan! Bakean eta onik.
Beren bihotzean duketen gorrotoa erauziko dugu eta,
senide bezala, ohatzetan etzanik egongo dira aurrez aurre.
Han ez ditu joko inolako atsekabek,
eta ez dute irten beharrik izango.
(45-48)

Esan zuen: Eta zein da zuen misioa,
mezulariok?
Esan zuten: Gaitza egiten ari den jende batengana
bidali gaituzte.
Luten familia izan ezik,
zeinetatik denak salbatuko baititugu,
haren emaztea izan ezik, zeinez erabakia baitugu
atzera geratzen direnetakoa izango dela.
Eta Lutek, mezulariak etxera heldu zirenean,
esan zien: Ezezagunak zarete.
Esan zuten: Alderantziz, horiek zalantzan jartzen duten
horrekin gatoz zugana.
Egia ekarri dizugu eta,
zinez, egiazale gara.
Beraz, atera zaitez gauez zeure familiarekin,
eta zoaz zeu beste guztien ondoren
eta zuetako inork ez dezala atzera begiratu.
Zoazte agintzen zaizuen lekura.
Eta agindu hau inspiratu genien:
Eguna argitzean, ezabatua izango da
horietako azkena ere.
Eta hiriko biztanleak bozkarioz iritsi ziren.
Esan zuen: Nire bisitariak dira hauek,
ez nazazue desohoratu.
Izan zaitezte Allahren beldur
eta ez nazazue goibeldu.
Esan zuten: Ez ote dizugu debekatu
ostatuz inor hartzea?
Esan zuen: Hona nire alabak egin behar baduzue.
Zure biziagatik!,
beren itsutasunak galdurik zeuzkan.
Eta Oihuak harrapatu zituen
eguzkia ateratzean.
Hankaz gora jarri genuen hiria
eta buztin-harrizko euria jaitsarazi genuen haien gainera.
Benetan, badira horretan seinaleak
behatzen dutenentzat.
(57-77)

mercredi 28 mai 2008

Ibrahim

Allahren, Errukiorraren, Bihozberaren izenean
Ez dugu bidali izan mezularirik
bere jendearen hizkuntzan hitz egin ez dionik,
mezua argi emateko,
baina Berak nahi duena desbideratzen du Allahk
eta nahi duena gidatzen.
Eutsezina da Hura, Jakintsua.
(4)


Beren Jauna ukatzen dutenen egintzak,
ekaitz-egunean haizeak eramaten dituen
errautsak bezalako dira,
ez dute ahalik eskuratu zuten ezeren gain.
Desbiderakuntza sakona da hori.
(18)


Esan nire zerbitzariei sinets dezatela,
ezar dezatela salata eta gasta eman dezatela
horniduratzat ematen diegunetik,
ezkutuan eta agerian, eguna iritsi arte,
zeinetan ez baita izango
ez salerosterik, ez adiskidetasunik.
(31)


Eta eskatu diozuen guztitik eman dizue.
Allahren bedeinkazioak zenbatzen hasi nahi baduzue,
ezin zenbatu ahal izango dituzue;
benetan, bidegabea da gizakia, esker txarrekoa.
(34)


Ene Jauna! Ezagutzen duzu Zuk,
bai ezkutatzen duguna, bai agertzen duguna.
Ez da ezer Allah ohartu gabe gertatzen denik,
ez lurrean, ez zeruan.
Goretsia izan bedi Allah,
neure zahartzaroan Ismail eta Ishaq eman baitizkit;
gauza ziurra da ezen nire Jaunak
entzuten dituela erreguak.
Ene Jauna! Egizu ezar dezagula Otoitzaldia
nik neuk eta nire ondokoetako batek.
Gure Jauna! Onar ezazu nire erregua.
Gure Jauna! Barkatu niri, nire gurasoei eta sinestedunei,
kontuak emateko egunean.
(38-41)


Gizakiei zuzenduriko komunikazioa da hau,
horrekin ohartarazteko eta jakin dezaten,
jainko Bakarra dela Hura;
eta funtsezkoa dena aitortzen dakitenek
gogoan izan dezaten.
(52)

Ar-Ra´d, Trumoia

Allahren, Errukiorraren, Bihozberaren izenean
Hari egiten zaio benetako deia.
Aitzitik, Allahz kanpo, dei egiten zaien beste horiek
ez diete erantzuten ezertan.
Bere eskuak urera luzatzen dituenari bezala gertatzen zaie:
ura ahora irits dakien nahi, baina iristen ez.
Sinesteari uko egiten diotenen deia desbiderakuntzan erortzen da.
(14)
Jaunagandik jaitsarazi zaizuna Egia dela
dakiena itsua bezalako ote da?
Benetan, funtsezkoa dena aitortzen dutenak
bakarrik dira arrazoitzeko gai.
(19)
Eta pazientzia dutenak,
horrela Allahren begitartea bilatuz,
salata ezartzen dutenak,
Guk emandakotik ezkutuan eta agerian gastatzen ematen dutenak
eta gaizkiari ongiarekin erantzuten diotenak.
Azken Onaren Egoitza izango dute horiek.
(22)
Horrela jaitsarazi dugu, arabierazko irizpide gisa.
Etorri zaizun ezagutzaren ondoren,
haien nahietara makurtuko bazina,
ez zenuke izango inongo adiskiderik
edo defendatzailerik Allahren aurrean.
Bidali genituen mezulariak zure aurretik,
zeini emazteak eta ondorengoak eman baikenizkien,
eta mezulari bakar batek ere ezin ekarri izan zuen ezaugarririk,
Allahren baimenarekin izan ezik.
Aldi jakin bakoitzerako idazki bat dago.
Berak nahi duena baliogabetzen du Allahk
eta nahi duena berresten;
eta Haren ondoan dago Liburuaren ama.
(37-39)

samedi 17 mai 2008

Yusuf

Allahren, Errukiorraren, Bihozberaren izenean

1 Alif, Lam, Ra.
Liburu argiaren seinaleak dira horiek.
2 Arabierazko errezitazio gisa jaitsarazi dugu;
ea arrazoitzen duzuen.
3 Historietan ederrena kontatuko dizugu
Errezitazio hau inspiratzean,
zeinen aurretik oharkabe bizi baitzinen.
4 Yusufek bere aitari esan zion:
Ene Aita! Hamaika izar, eguzkia eta ilargia ikusi ditut,
eta nire aurrean ahuspeztuak.
5 Esan zion: Ene seme!
Ez kontatu zeure ikuskaria zeure anaiei;
bestela, zerbait asmatuko dute zure aurka;
benetan, gizakiaren etsaia da Shaytan.
6 Horra nola aukeratu zaituen zeure Jaunak
eta kontakizunen interpretazioaren zati bat irakatsiko dizun,
zuganako eta Yaquben familiaganako
bere bedeinkazioa osatuz,
lehenago Ibrahim eta Ishaq zure arbasoekin
egin zuen bezala.
Gauza ziurra da ezen zure Jauna Ezagutzailea dela
eta Jakintsua.
7 Eta badira, benetan, seinaleak Yusufengan
eta haren anaiengan, galdetzen dutenentzat.
8 Eta esan zutenean:
Yusuf eta haren anaia gu baino maiteago ditu gure aitak,
denok klan berekoak izan arren;
gure aita oso oker ari da.
9 Hil ezazue Yusuf edo utz ezazue nonahiko lur batean,
zuen aitaren aurpegia zuengana bakarrik itzul dadin!
Eta hori egin dezazuenean, jende zuzena izan zaitezkete.
10 Eta haietako batek esan zuen: Ez ezazue hil Yusuf!
Bota putzu horren hondora,
zerbait egiteko erabakia hartua duzuenez gero;
horrela, bidaiariren batek jaso lezake.
11 Esan zuten: Aita! Zergatik ez diozu uzten Yusufi gurekin joaten,
guk zaintzeko, gu harentzat aholkulari onak izanik?
12 Bidal ezazu bihar gurekin, artzain ibiliko da
eta jolas egingo du eta zainduko dugu.
13 Esan zuen: Mingarria zait zuek hori eramatea
eta otsoak jango duen beldur naiz,
zuek konturatu gabe.
14 Esan zuten: Otsoak jango balu gu klan bat izanik,
gure hondamendia izango litzateke.
15 Eta berekin eraman eta putzuaren hondora botatzeko
ados jarri zirenean,
hau inspiratu genion:
Egunen batean gogoraziko diezu zer egin duten
eta ez dira konturatuko.
16 Ilunabarrean aitarengana itzuli ziren negarrez.
17 Esan zuten: Aita! Korrika-apustuan ari ginen
eta gure gauzak zaintzen utzi genuen Yusuf
eta otsoak jan zuen eta,
sinetsiko ez badiguzu ere, egia diogu.
18 Eta tunika bat erakutsi zioten gezurrezko odol-arrastoekin.
Esan zuen: Ez! Zeuen arimak zerbaitetara eragin dizue;
baina ederra da pazientzia
eta Allahgan bilatu behar da laguntza,
esaten duzuenaren aurka.
19 Eta bidaiari batzuk heldu ziren,
eta ur-arduraduna putzura bidali zuten ur bila,
eta ur-baldea jaitsi zuenean, oihu egin zuen:
Hau poza! Mutil gazte bat dago hemen.
Eta salgai jartzeko ezkutatu zuten.
Baina Allahk bazekien zer ari ziren.
20 Merke saldu zuten, dirham gutxi batzuk,
hura gainetik kentzeko.
21 Eta erosi zuenak −Misr-ekoa zen− esan zion emazteari:
Har ezazu adeitasunez gure artean dagoen bitartean,
zeren, agian, baliozko izango dugu edo semetzat hartuko.
Horra nola eman genion egoera ona Yusufi lurrean,
eta egoki iruditu zitzaigun
hari kontakizunak interpretatzen irakastea.
Allah Garaiezina da bere Agintean,
baina gizakirik gehienek ez dakite hori.
22 Heldutasunera iritsi zenean,
jakinduria eta ezagutza eman genizkion.
Horra nola saritzen ditugun ongia egiten dutenak.
23 Orduan, etxeko andreak maitasuna egiteko eskatu,
ateak itxi eta esan zion: Zatoz hona.
Hark erantzun zion: Allahk babes nazala!
Nire Jauna da babesik hoberena.
Gauza ziurra da ezen bidegabeek
ez dutela arrakastarik izaten.
24 Emakumeak irrikatu zuen eta gizakiak irrikatu zuen,
baina Jaunaren froga zela konturatu zen hau.
Halaxe izan zen, harengandik gaiztakeria
eta lotsagabekeria aldentzeko.
Benetan, gure zerbitzari aukeratuetakoa da.
25 Biek aterantz egin zuten korrika,
eta emakumeak tunika urratu zion atzetik, eta, honetan,
haren senarrarekin egin zuten topo.
Emakumeak esan zuen:
Zein ordain merezi du zure familiarentzat
kalte bila dabilenak,
preso sartzea edo zigor mingarri bat jasotzea baizik?
26 Esan zuen Yusufek: Berak eskatu dit.
Eta emakumearen familiako lekuko batek iradoki zuen:
Tunika aurretik baldin badago urratua,
etxeko andreak egia dioen seinale
eta Yusuf gezurretan ari den seinale,
27 baina tunika atzetik baldin badago urratua,
orduan emakumea ari da gezurretan
eta Yusuf egia esaten dutenetakoa da.
28 Eta tunika atzetik urratuta zegoela ikustean, esan zuen:
Zuen, emakumeen, trikimailuetako bat da hori,
egia baita handia dela zuen maltzurkeria.
29 Yusuf! Ahantz ezazu hau guztia, eta, zuk,
eska ezazu barkamena zeure hutsegiteagatik,
hutsegiteak egiten dituztenetakoa izan baitzara.
30 Eta esan zuen emakume-talde batek hirian:
Aziz-en emazteak bere morroia nahi izan du,
harekiko grina hondoraino iritsi zaio
eta galdurik dakusagu argiro.
31 Etxeko andreak, haien azpilanen berri izan zuenean,
deiarazi eta gonbidatu zituen.
Aizto bana eman zien, eta esan zuen:
Atera zaitez horien aurrera!
Eta ikusi zutenean, liluraturik geratu ziren
eta ebakiak egin zituzten eskuetan konturatu gabe.
Esan zuten: Allah izan bedi gurekin!
Hau ez da gizakumea, aingeru miresgarri bat baizik.
32 Etxeko andreak esan zuen:
Horra gizakia, zeinengatik gaitzetsi bainauzue;
nik eskatu nion, baina ez zuen nahi izan;
hala ere, agintzen diodana egiten ez badu,
preso jarriko dute eta umiliatuen artean geratuko da.
33 Esan zuen: Ene Jauna! Nahiago dut kartzela,
gonbidatu nautenera makurtu baino;
baina horien azpikeriak nigandik aldentzen ez badituzu,
amore emango dut haien aurrean,
eta ezjakinen taldekoa izango naiz.
34 Bere Jaunak erantzun zion,
eta urrundu egin zuen haien amarruetarik;
gauza ziurra da ezen Hura dela entzuten duena, dakiena.
35 Gero, seinaleak ikusi arren,
egoki iruditu zitzaien aldi baterako hura kartzelan sartzea.
36 Eta, harekin batean, bi morroi gazte sartu zituzten kartzelan.
Haietako batek esan zuen:
Neure burua ardoa egiten ikusi dut ametsetan.
Eta bigarrenak esan zuen:
Buruan ogi bat neramala ikusi dut neure burua,
eta txoriak handik jaten.
Emaguzu horien interpretazioa,
argi baitakusagu ongia egiten dutenetakoa zarela.
37 Erantzun zien:
Ez zaizue iritsiko zuen hornidurako zati den janaririk,
hura iritsi aurretik arazoa zertan datzan
nik zuei argitu baino lehen;
neure Jaunak irakatsi didanaren zati da hori.
Benetan, bertan behera utzi nuen
Allahgan sinesten ez zuen
eta Azken Bizitza ukatzen zuen
jendearen Adorazio-moldea.
38 Eta Ibrahim, Ishaq eta Yaqub
neure arbasoen Adorazio-moldeari jarraitu diot.
Guri ez zegokigun Allahri ezer eranstea;
Allahk gurekiko eta gizakiekiko izan duen mesedearen
parte da hori;
hala ere, gizaki haietako gehienak ez dira esker oneko.
39 Kartzela-kideok! Zer da hobea:
jaun desberdinak adoratzea ala Allah, Bakarra, Nagusia?
40 Allahz aparte adoratzen duzuena
ez dira izenak baizik, zuek eta zuen gurasoek jarritakoak,
zeinetara Allahk ez baitu jaitsarazi inolako ahalmenik.
Epaia Allahri bakarrik dagokio,
zeinek Bera bakarrik adoratzeko agindu baitu.
Hori da Adorazio zuzena;
halaz guztiz, gizakirik gehienek ez dakite hori.
41 Kartzela-kideok!
Zuetako batek ardoa zerbitzatuko dio bere jaunari;
bestea, berriz, gurutziltzatu egingo dute,
eta txoriek haren burutik jango.
Erabakia dago kontsultatu didazuen gaia.
42 Bien artean salbatutzat eman zuenari esan zion:
Hitz egiozu nitaz zeure jaunari.
Baina Shaytanek ahaztarazi egin zion hura aipatzea,
eta kartzelan jarraitu zuen urte batzuetan.
43 Eta esan zuen erregeak:
Zazpi behi argalek jaten zituzten
zazpi behi gizen ikusi ditut,
eta zazpi galburu berde eta beste hainbat ihar.
Handikiok! Argitu ikusi dudana,
ikuskariak interpretatzeko gai bazarete.
44 Esan zuten: Amets korapilatsua da
eta gu ez gara horrelako ametsak interpretatzeko gai.
45 Kartzelakobietatik libratu zenak,
geroago gogoratuz, aldi baten ondoren, esan zuen:
Nik esango dizut interpretazioa, utz iezadazu joaten.
46 Yusuf! Egiazalea zarenez,
emaguzu zeure iritzia zazpi behi argalek
zazpi behi gizen jaten dituztelakoaz
eta zazpi galburu berde
eta beste hainbeste ihar direlakoaz,
jendeagana itzul nadin eta jakin ahal dezaten.
47 Esan zuen: Zazpi urtetan ereingo duzue, ohi bezala.
Jasoko duzuen uzta utz ezazue beren galburuetan,
jateko behar duzuen pixka bat salbu.
48 Gero, zazpi urte zail helduko zaizkizue,
haietarako gordea duzuena agortuko dutenak,
gordeko duzuen apur bat izan ezik.
49 Gero, urte bat etorriko da,
zeinetan gizakiek laguntza izango baitu
eta dolarean zanpatuko.
50 Eta erregeak esan zuen:
Ekar ezazue nire aurrera.
Eta mezulariak, harengana iritsi zenean, esan zion:
Itzul zaitez zeure Jaunagana eta galde iezaiozu
nola gertatu zen emakume haiek eskuetan ebakiak egin izana;
segur aski, erregeak ezagutzen du haien azpijokoa.
51 Erregeak esan zuen:
Zer gertatu zen Yusuf irrikatu zenutenean?
Esan zuten: Allahk libra gaitzala!
Ez genuen hartaz ezer txarrik jakin.
Azizen emazteak esan zuen:
Orain ageri da egia, nik nahi izan nuen
eta benetan hura egiazalea da.
52 Honetarako da hau guztia:
jakina izan dadin, nik ez niola saldukeriarik egin
bera absente zela
eta Allahk ez duela gidatzen traidoreen maltzurkeria.
53 Ez dut esan nahi nire arima errugabea dela,
zeren egia baita arimak etengabe agintzen duela gaitza,
nire Jaunak errukia duenean salbu.
Benetan, nire Jauna Barkatzailea da eta Bihozbera.
54 Eta erregeak esan zuen:
Ekardazue!, neuretzat aukeratua dut eta.
Eta nola hitz egiten zion ikustean, esan zion:
Benetan, gaur postu ona duzu gure aurrean
eta seguru zaude.
55 Esan zuen: Emadazu biltegien ardura,
zeren, benetan, zaintzaile ona bainaiz
eta ezagutzen baitut arazo hori.
56 Horra nola eman genion postua Yusufi lurrean,
nahi zuen lekuan bizi baitzitekeen.
Nahi dugunagana heltzen gara geure errukiarekin,
eta ez dugu galtzen uzten ongia egiten dutenen saria.
57 Dena dela, Azken Bizitzako saria hobea da
sinesten dutenentzat
eta Allahren beldur direnentzat.
58 Eta etorri ziren Yusufen anaiak,
aurkeztu ziren haren aurrean eta hark ezagutu zituen;
haiek ez, ordea, hura.
59 Beren hornidurak eman zizkienean, esan zien:
Ekardazue aitaren aldeko zeuen anaia,
ikusi duzue neurri betea ematen dizuedala
eta gonbidatzaileetan hoberena naizela.
60 Ekartzen ez badidazue,
ez duzue nigandik hornidura gehiago izango,
eta ez duzue nigana hurbiltzerik izango.
61 Esan zuten: Konbentzituko dugu haren aita utz diezagun;
horra egingo duguna.
62 Eta bere morroiei esan zien:
Jar itzazue zakuetan ekarri dituzten gauzak,
beren jendeagana iristean aintzat har ditzaten,
eta itzularaz ditzan.
63 Eta beren aitagana itzuli zirenean, esan zioten:
Aita! Esan digute, ez gaituztela gehiago hornituko;
utziozu gure anaiari gurekin etortzen,
horrela horni gaitzaten;
eta, benetan, ondo zainduko dugu.
64 Esan zuen: Zuen esku utzi behar ote dut,
lehenago haren anaia utzi nuen bezala?
Allah babesle hobea da,
eta errukiorretan Errukiorrena da Hura.
65 Eta beren zakuak ireki zituztenean,
beren gauzak itzuli zizkietela ikusi eta esan zuten:
Aita! Zer gehiago opa dezakegu?
Eraman genuena itzuli egin digute.
Geure familiak hornituko ditugu,
geure anaia zainduko eta gamelu-karga bat gehiago izango.
Gauza erraza da hori.
66 Esan zuen: Ez dut zuekin bidaliko harik
eta zuek hitzeman arte, Allahren aurrean zin eginez,
ekarriko didazuela;
zuek guztiok mendean hartzen ez bazaituzte behintzat.
Eta hitzeman ziotenean, esan zien:
Esaten dugunaren Zaindari da Allah.
67 Eta esan zuen: Ene semeok!
Ez zaitezte sar denok ate beretik,
sar zaitezte ate desberdinetatik.
Nik ezin dut ezer egin zuentzat Allahren aurrean.
Benetan, erabakia Allahri bakarrik dagokio;
Harengan dut konfiantza,
eta izan dezatela konfiantza
Harengan konfiantza duten guztiek.
68 Eta beren aitak agindu zien tokitik sartu ziren.
Nahiz eta ez zien horrek ezertarako balio izango
Allahren aurrean, zeren Yaqubek bere arimako behar bat
asetzeko bakarrik izan baitzen;
eta, egia esan, bazuen hark ezagutza,
Gugandik hartua.
Hala ere, gizakirik gehienek ez dakite hori.
69 Eta Yusufen aurrean aurkeztu zirenean,
honek aparte hartu zuen anaia eta esan zion:
Zure anaia nauzu;
ez zaitez atsekabetu horiek egin zutenagatik.
70 Eta hornidurak ematekoan,
kopa bat sartu zuen bere anaiaren zakuan.
Gero, norbaitek oihu egin zuen:
Karabanakook, lapurrak zarete!
71 Esan zuten haiengana itzuliz:
Zer galdu duzu?
72 Esan zuten: Erregearen kopa galdu dugu.
Aurkituko duenak gamelu-karga bat izango du,
nire hitza da.
73 Esan zuten: Allahgatik!,
ondo asko dakizu ez garela etorri lurrera
ustelkeria ekartzera,
eta ez garela lapurrak.
74 Esan zuten: Eta gezurretan ari bazarete,
zein zigor emango dizuegu?
75 Erantzun zuten: Kopa daukan zakuaren jabearen zigorra,
izan dadila jabea bera.
Horrela ordaintzen diegu bidegabeei.
76 Eta haien zakuak miatzen hasi zen,
anaiarena miatu aurretik,
ondoren haien anaiaren zakua ateratzeko.
Horra nola erakutsi genion Yusufi trikimailua,
hartaz balia zedin.
Erregearen legearen arabera,
ezin zuen bere anaia atxilotu,
Allahk nahi ezean.
Mailaz goratu egiten dugu nahi duguna;
eta ezagutza duen ororen gainetik dago
Ezagutzaile bat.
77 Esan zuten: Lapurreta egin badu,
horren anaia batek ere egin zuen lehenago lapurreta.
Eta Yusufek, haiei erakutsi gabe,
esan zuen berekiko:
Zuek egoera okerragoan zaudete
eta Allahk badaki zer leporatzen duzuen.
78 Esan zuten: Ene ´Aziz!, honek aita oso zaharra du,
har ezazu gutako bat horren ordez,
benetan dakusagu ongia egiten dutenetakoa zarela.
79 Esan zuen: Allahk libra gaitzala inor atxilotzetik,
gure kopa azaldu den zakuaren jabea bera ez bada;
zeren, bestela, bidegabe izango baikinateke.
80 Eta itxaropena galdu zutenean,
bazter batera erretiratu ziren erabakia hartzeko.
Haietan zaharrenak esan zuen:
Ez al dakizue Allahren aurrean
zin eginez gure hitza jaso zuela gure aitak,
lehenago Jusufekin izan zenuten arreta-faltaz gainera?
Ez naiz irtengo lur honetatik,
neure aitak baimena ematen didan bitartean
edo Allahk nire alde ebatzi aurretik.
Eta Hura da Epailerik onena.
81 Itzul zaitezte zeuen aitagana eta esaiozue:
Aita! Zure semeak lapurreta egin du;
dakigunaz bakarrik damaizugu fedea
eta ez gara ezagutzen ez denaren arduradun.
82 Galde ezazu egon garen hirian
eta gurekin batera etorri den karabanari.
Benetan, egia diogu.
83 Esan zuen: Ez! Zeuen arimak
zerbaitetara eragin dizue,
baina pazientzia bikaina!
Gerta daiteke Allahk denak batera niri ekartzea;
egiaz, Hura da Ezagutzailea eta Jakintsua.
84 Haiengandik aldendu eta esan zuen:
Hau pena nirea Yusufengatik!
Eta haren begiak, goibel, zuri bihurtu ziren,
haserrearen minari eutsiz.
85 Esan zuten: Allahgatik,
ez ote diozu utzi behar Yusufez gogoratzeari,
erabat gaixotu edo hil baino lehen?
86 Esan zuen: Allahren aurrean bakarrik deitoratzen dut
nik neure mina
eta nire nahigabea,
eta badakit Allahz, zuek ez dakizuena.
87 Ene semeok! Zoazte eta ikertu Yusufez
eta anaiaz,
eta ez etsi Allahren errukiaz,
zeren sinetsi nahi ez dutenek bakarrik etsitzen baitute
Allahren errukiaz.
88 Eta haren aurrera aurkeztu zirenean, esan zuten:
Aziz! Zoritxarrak jo gaitu gu geu eta gure familia,
eta balio gutxiko truka-gaia dakarkigu;
horni gaitzazu neurri osoa emanez
eta izan zaitez eskuzabal gurekin.
Gauza ziurra da ezen Allahk
eskuzabal ematen dutenak saritzen dituela.
89 Esan zuen: Ba al dakizue zer egin zenuten Jusufekin
eta haren anaiarekin ezjakinak zinetenean?
90 Esan zuten: Jusuf zara?
Esan zuen: Jusuf naiz eta hau nire anaia da!
Allahk faboratu gaitu.
Allahren beldur dena eta pazientzia duena…
egia da, Allahk ez duela galtzen
uzten ongia egiten dutenen saria.
91 Esan zuten: Allahgatik!,
zu hobetsi zaitu Allahk gure gainetik,
eta egia da gaiztakeriak egin ditugula.
92 Esan zuen: Ez dut ezer zuei aurpegira botatzeko;
gaur Allahk barkatu dizue,
eta errukiorretan Errukiorrena da Hura.
93 Zoazte nire tunika hau eramanez
eta bota ezazue nire aitaren aurpegiaren gainera,
berriro ikusten hasiko baita horrela,
eta ekardazue zeuen familia osoa.
94 Eta karabana abiatua zenean,
esan zuen haien aitak:
Yusufen usaina aditzen dut,
burutik nahastua nagoela uste izango baduzue ere.
95 Esan zuten: Allahgatik!,
antzinako zeure galbidera itzuli zara!
96 Eta berri onen eramailea heldu zenean,
aurpegiaren gainera bota zion
eta ikusmena berreskuratu zuen.
Eta esan zuen: Ez al nizuen esan,
zuek ez zenekitena nekiela Allahz?
97 Esan zuten: Aita! Barkatu gure hutsegiteak,
benetan gaiztakeriak egin ditugu.
98 Esan zuen: Eskatuko diot neure Jaunari
zuentzat barkamena,
egia baita Hura dela Barkatzailea, Bihozbera.
99 Eta Yusufen aurrean aurkeztu zirenean,
honek bere gurasoak besarkatu eta esan zuen:
Sar zaitezte Mirs-en, Allahk nahi badu,
segurtasun osoz.
100 Tronura igoarazi zituen bere gurasoak
eta ahuspez errespetuz jarri ziren haren aurrean;
esan zuen: Ene Aita!
Hau da lehenengo nire ikuskariaren interpretazioa,
nire Jaunak betearazi du,
eta mesede egin zidan kartzelatik libratuz
eta zuek basamortutik nigana ekarriz,
Shaytanek nire eta nire anaien artean
liskarra sortu ondoren.
Benetan, Onbera da nire Jauna nahi dituen gauzetan,
eta gauza ziurra da Hura Ezagutzailea dela,
Jakintsua.
101 Ene Jauna! Agintea eman didazu
eta kontakizunak interpretatzen irakatsi.
Zeruak eta lurra kreatu zenituen Hori,
nire Babeslea zara bizitza honetan eta Azkenekoan.
Egizu, hil nadila Zure mendeko izanez
eta bil nazazu zuzenekin.
102 Inspiratu genizun Ikusten-ez-denaren
albisteetarik da hori,
zu ez zeunden haien ondoan haiek
beren arazoa erabaki
eta azpijokoari ekin ziotenean.
103 Baina gizakietan gehienak,
zuk antsiatu arren, ez dira sinestedun.
104 Eta ez iezaiezu eskatu ordainik trukean.
Munduentzat oroitzapen bat besterik ez da.
105 Zenbat seinale dauden zeruetan eta lurrean!
Haien aurretik pasatu eta apartatu egiten dira.
106 Haietako gehienek ez dute Allahgan sinesten,
eta eransle dira.
107 Seguru ote daude inguratuko dituen
Allahren zigorraren zerbaitek ez dituela harrapatuko,
edo ez zaiela ordua bat-batean iritsiko,
konturatu gabe?
108 Esazu: Hau da nire bidea.
Ikuskari argi batean oinarriturik egiten dut deia
Allahren Adoraziorako,
bai neuretzat,
bai jarraitzen didatenentzat.
Eta Aintza Allahri!
Ez naiz eransten dutenetakoa.
109 Zure aurretik ez ditugu bidali izan
gizaki zirenak baizik,
hirietako jende artetik atereak ziren,
zeini inspiratu baitzitzaien.
Ez ote dira joan lurrean barna
eta ez ote dute ikusi zein azken izan zuten
beraiek baino lehen izan zirenek?
Benetan, Azken Bizitzako Egoitza hobea da
Allahren beldur direnentzat.
Ez ote duzue gogoeta egin behar?
110 Behin betiko ukoa egin zitzaiela pentsaturik,
gure mezulariek etsi zutenean ere,
gure laguntza heldu zitzaien,
eta nahi genituenak salbatu genituen.
Gure zigorra ez da apartatzen
gaitza egiten dutenengandik.
111 Haien historian bada ikasbide bat funtsezkoa,
aitortzen dakitenentzat.
Eta ez da asmatutako kontakizuna,
lehendik zeukatenaren berrespena baizik,
gauza bakoitzaren argitzea eta gida eta errukia baizik
sinesten duen jendearentzat.

Hud

Allahren, Errukiorraren, Bihozberaren izenean

Baina egokitu zitzaion zoritxarraren ondoren
zoriona dastarazten badiogu, seguru esango duela:
Aldendu dira nigandik gaitz guztiak.
Eta pozik jarriko da, harro.
Baina ez da horrelakorik gertatzen pazientzia dutenekin
eta ongiaren egintzak bururatzen dituztenekin.
(10-11)

Ene jendea!
Jokatu zuzen neurriarekin eta pisuarekin.
Ez balio-gutxitu gizakien gauzak,
ezta gaitzik egin ere lurrean, usteltzaile bezala.
(85)

Esan zuen: Ene jendea!
Ez ote duzue ikusten Jaunak emandako froga argi batean oinarritzen naizela,
Hark hornitzen nauela bere hornidura on batez
eta ez dudala izan nahi zuek ez bezalakoa debekatzen dizkizuedan gauzei dagokienez,
baizik eta zuzendu besterik ez dudala
egin nahi ahal dudan hura?
Eta ezin naiz ondo bideratua egon,
Allahren bidez ez bada;
Hura dut euskarri eta Harengana noa itzulian.
(88)

Eta eskatu barkamena zeuen Jaunari,
eta itzuli Harengana, gauza ziurra baita
nire Jauna Bihozbera dela, Amultsua.
(90)

Eta ezar ezazu salat-a egunaren bi muturretan
eta gaueko lehen orduetan;
gauza ziurra da ezen on diren
egintzek txarrak ezabatzen dituztela.
Oroigarri bat da hau gogoeta egiten dutenentzat.
Eta izan zaitez pazientzia handikoa,
zeren Allahk ez baitu uzten
ongia egiten dutenen saria gal dadin.
Zergatik ez zen izan zuen aurreko belaunaldietan
jende adoretsu eta bereizmendunik,
lurrean ustelkeria eragotzi zezakeenik?
Hartatik, salbatu genituenen artean,
gutxi batzuk bakarrik libratu ziren;
bitartean, bidegabeek bizitza errazean jarraitzen zuten,
zeinetan usteldu baitziren,
gaitza egiten dutenetarik zirela.
Eta zure Jaunak ez zuen suntsitu nahi
hiri bat inolako bidegabekeriagatik,
hango biztanleak ordena ezartzen dutenetakoak
izango ziren bitartean.
Zure Jaunak, nahi izan balu, gizaki guztiek
komunitate bakar bat osa zezaten egingo zuen.
Halere, ez diote utziko elkarren aurkari izateari.
Zure Jaunak errukia eman diezaion hura salbu.
Eta horretarako kreatu zituen.
Beteko da zure Jaunaren hitza:
«Gizakiez eta jeinuez, denak batera,
beteko du Yahannam».
(114-119)

Yunus

Allahren, Errukiorraren, Bihozberaren izenean

Eta gizakiak, zoritxarren batek jotzen duenean,
etzanik, eserita nahiz zutik egiten digu dei,
baina, hartatik libratzen dugunean,
lehenean jarraitzen du,
ezbeharrekoan dei egin ez baligu bezala.
Horra nola egiten dugun gehiegikerietan dihardutenei
beren egintzak eder irudi dakizkien.
(12)

Gizakiek komunitate bakarra eratzen zuten,
baina liskarra sortu zuten beren artean;
eta, zure Jaunaren aldez aurreko hitz batengatik izan ez balitz,
erabakia geratuko zen haiek
beren artean eztabaidagai zutena.
(19)

Baina Hark salbatu dituelarik,
desobedientziazko egintzak bururatzen dituzte lurrean,
eskubiderik gabe.
Gizakiok! Egin dezazuen bidegabekeria guztia zeuen kontrakoa izango da.
Izango duzue mundu honetako bizitzaren gozamena,
baina, gero, Gugana itzuli beharko duzue
eta orduan jakinaraziko dizuegu egiten zenutena.
(23)

Eta Allahk Bakearen Egoitzara deitzen du
eta nahi duena gidatzen bide zuzenera.
(25)

Koran hau ez da ezertan ere Allahz kanpo asmatua;
baizik eta bera baino lehenagotik bazenaren baiespena da
eta Liburuaren azalpen zehatza,
zeinetan ez baitago dudarik,
eta munduen Jaunagandikoa baita.
(37)

Benetan, Allahk ez die kalterik egiten gizakiei ezertan,
baizik eta hauek dira beren buruari kalte egiten diotenak.
(44)

Eta edozein egoeratan zaudetela,
haren errezitazioa egiten duzuela,
edozein egintza bururatzen duzuela,
egiten duzuenaren Lekuko gara
ekiten diozuenetik beretik.
Zure Jaunari ez zaio ezer pasatzen zeruan eta lurrean,
Hura ohartzeke, ez hauts-tanta baten pisua,
ez beste ezer txikiagorik edo handiagorik,
liburu batean argi gelditu gabe.
Ez al da gauza ziurra ezen Allahren adiskideek
ez dutela izango zertan beldur izan,
eta ez direla atsekabetuko?
Sinetsi zuten eta Haren beldur izan ziren haiek.
(61-63)

Eta jaitsarazi dizugunaz zalantzak badituzu,
galde iezaiezu zure aurretik Liburua irakurtzen zutenei.
Zeure Jaunaren egia heldu zaizu;
ez zaitez izan eszeptikoetakoa.
(94)

Eta Allahk kalte batez ukitzen bazaitu,
Hark beste inork ez zaitu libratuko hartatik.
Eta gauza onen bat ematen badizu…
Ez dago inor Haren mesedea eragotz dezakeenik.
Bere zerbitzarien arteko nahi duenari helarazten dio.
Eta Barkatzailea da Hura, Errukiorra.
(107)

vendredi 16 mai 2008

At-Tauba, Atzera Egitea


Sinesten dutenek, emigratu zutenek eta Allahren bidean
beren ondasunez eta beren buruaz borroka egin zutenek
dute mailarik gorena Allahren aurrean, eta horiek dira garaile.
(20)

Allahren ordez beren doktoreak eta apaizak hartu dituzte jauntzat;
adibidez, Gantzutua, Maryam-en semea;
Allah Bakarra adoratzeko agindu zitzaien arren.
Ez dago Hura beste jainkorik.
Goretsia izan bedi erantsi dioten guztiaren gainetik!
(31)

Hura da Bere Mezularia gidarekin
eta egiazko Adorazioaren praktikarekin bidali zuena,
beste Adorazio-forma guztien gainetik jartzeko;
sinesgabeei gogaikarri gertatu arren.
(33)

Esazu: Ez zaigu gertatzen Allahk guretzat idatzia duena baizik.
Hura da gure zaintzailea eta Allahgan dute sinestunek beren konfiantza.
(51)

Dohainak behartsuentzat bakarrik dira, pobreentzat,
biltzen eta banatzen lan egiten dutenentzat,
beren bihotza lasaiturik dutenentzat, gatibuen erreskaterako,
zorpean daudenentzat, Allahren bideko arazoetarako
eta bidean den semearentzat.
Allahk emandako agindua da hau
eta Allah Ezagutzailea da eta Jakintsua.
(60)

Gizaseme sinestedunak eta emakume sinestedunak
elkarren adiskide aliatu dira,
ontzat emana ontzat ematen dute eta gaitzesgarri dena debekatzen,
salat-a ezartzen dute, zakat-a ematen
eta Allahri eta Haren mezulariari obeditzen diete.
Horiei Allahk Bere errukian sartzeko aukera emango die;
gauza ziurra da ezen Allah Ahaltsua dela, Jakintsua.
(71)

Eta badira beste batzuk beren okerrak aitortzen dituztenak
eta egintza on bat txar bati eransten diotenak.
Gerta daiteke Allah haiengana itzultzea;
gauza ziurra da ezen Allah Barkatzaile dela, Bihozbera.
Eska iezaiezu eman ditzatela dohainak beren ondasunetatik,
eta horiekin garbituko eta araztuko dituzu.
Eta eskatu haientzat,
zeren zure otoitza garantia baita haientzat benetan.
(102-103)

Zein da hobea: bere eraikina Allahren beldurrean
eta Haren onginahian oinarritzen duena
ala aldapa baten hegian, erortzeko puntuan, oinarritzen duena,
eta hargatik Yahannam-go sura eramana dena?
Allahk ez du gidatzen jende zuzengabea.
(109)

Errorearen ondoren itzultzen direnak,
adoratzen, goresten, barau egiten dutenak,
makurtzen, ahuspezten direnak, ontzat aitortua agintzen
eta txartzat hartua eragozten dutenak
eta Allahren mugak betetzen dituztenak.
Emazkiezu berri onak sinestedunei.
(112)

Benetan, Allahri dagokio zeruen eta lurraren nagusitza;
Hark ematen du bizia eta Hark ematen heriotza;
Allahz aparte ez duzue nork babestuko eta lagunduko zaituztenik.
(116)

Egia da ezen Mezulari bat iritsi zaizuela zeuengandik aterea;
penagarria du hark zuek gaitzen bat jasatea,
lehiatsu ari da zuen alde,
eta bihotz onekoa eta bihozbera da sinestedunekin.
(128)

Al Anfal, Gerra-harrapinak

Allaren, Errukiorraren, Bihozberaren izenean

Hauek dira sinestedunak:
Allahz gogoratzean bihotza larritzen zaienak
eta Haren ezaugarriak errezitatzen direnean sinestea areagotzen zaienak
eta beren Jaunagan fidatzen direnak.
Salat-a ezartzen dutenak dira
eta ematen diegun horniduratik gastatzen (ematen) dutenak.
Hauek dira benetako sinestedunak:
mailak izango dituzte beren Jaunaren ondoan,
barkamena eta hornidura oparoa.
(2-4)

Zuek, sinesten duzuenok!
Allahren beldur bazarete, bereizmena emango dizue Hark,
ezkutatuko ditu zuen egintza txarrak eta barkatu dizue.
Eta Allah egundoko mesedearena (Jabea) da.
(29)

Al Araf, Goraguneak

Allaren, Errukiorraren, Bihozberaren izenean

Adanen semeok!
Zerutik jaitsarazi ditugu arropa zuen lotsaizunak estaltzeko,
eta gorputza apaintzeko.
Baina, Jainkoaren beldurraren jantzia hobea da.
Hori da Jainkoaren ezaugarri bat da,
gogoeta egin dezaten.
(26)

Adanen semeok!
Jantz itzazue arroparik txukunenak otoitz leku bakoitzean;
jan ezazue eta edan, baina gehiegikeriarik gabe.
Jainkoak ez ditu gehiegikerietan dabiltzanak maite.
(31)

Esan: “Jaunak benetan lizunkeria debekatzen du,
agerian edo ezkutuan egiten dena,
gaiztakeria, bidegabekeriazko zapalketa,
ahalmenik eman ez zaion zerbait Jainkoari eranstea
eta Jainkoari buruz ez dakizuena esatea”.
(33)

Sinetsi eta zintzo jokatu zutenei
- eta ez diegu haiek eraman ezin duten zamarik jartzen -,
Paradisuan sartu eta betiko biziko dira han.
(42)

Egin otoitz Jaunari apaltasunez eta ezkutuan!
Hark ez ditu lege-hausleak maite.
(55)

Eta Lut, bere jendeari esan zionean:
Lotsagarrikeria hau egin behar ote duzue,
munduetan lehenago inork egin ez duena?
Gizonezkoengana al zoazte desiraz,
emakumeengana joan ordez?
Benetan, neurriz kanpoko jendea zarete.
Baina haren jendearen erantzun bakarra
hau esatea izan zen:
Bota itzazue zeuen hiritik,
beren burua garbitzat duten jendea dira!
(80-82)

Urrundu egingo ditut Neure ezaugarrietatik
lurrean arrazoirik gabe harrotzen direnak.
Mota guztietako ezaugarriak ikusi arren,
ez dute sinesten, eta egiazko norabidea ikusten duten arren
ez dira bide horretan sartzen.
Baina, ikusten dute galbidearen norabidea,
eta bide horretan sartzen dira.
Eta hori horrela da Gure ezaugarriak ukatu dituztelako
eta arretarik jarri ez dutelako.
(146)

Eta emaguzu ongia guretzat bizitza honetan
eta Azkenekoan, damututa baikaude.
Esan zuen: “Nahi dudana nahigabetzen dut zigorra emanez,
eta Nire errukia erabatekoa da.
Eta bihotz ona izango dut beldur direnekin,
limosna egin eta Gure ezaugarrietan sinesten dutenekin”.
Bihotz ona izango dut Mezulariari jarraitzen dietenekin,
Jentilen Profetarekin, Toran eta Ebanjelioan
idatzita aurkitzen dutenekin:
hor ikusten dute zer egin dezaketen
eta zer debekatzen zaien,
eta horrek libratzen dituzte aurreko zamatik eta kateetatik.
Eta harengan (profetarengan) sinesten dutenak,
ohoratzen eta laguntzen diotenak,
eta harekin jaitsarazi zen argitan dabiltzanak,
horiek aurrera aterako dira.
(156-157)

Jaunak zuzentzen duena bide onetik dabil.
Baina, Hark okertzen dituenak dira galduta daudenak.
(178)

Jainkoak izenik ederrenak ditu.
Dei iezaiozu otoitzean izen horiekin
eta utz itzazue alde batera Haren izenekin
zentzugabekeriak egiten dituztenak.
Egin zutenaren arabera ordainduko zaie.
(180)

Hura da pertsona batetik sortu zaituztena;
hortik bikote-kidea atera zuen,
harekin bakea eta sosegua lortzeko. (...)
(189)

Nire Adiskidea Jainkoa da, Liburua jaitsarazi duena,
eta zintzoak adiskide egin dituena.
(196)

Izan zaitez bihozbera,
agindu ezazu gure artean ontzat hartua izan dena,
eta urrun zaitez ezjakinengandik!
Satanasek bekatura bultzatzen bazaitu,
bila ezazu babesa Jainkoarengan.
Hark dena daki, dena entzuten du.
(199-200)

Eta Koran ozenki irakurtzen zaizuenean,
erne egon eta isilik, agian lortuko duzue errukia eta.
Egin otoitz Jaunari zeure baitan,
apaltasunez eta beldurrez,
ahotsa gehiegi altxatu gabe,
eguna zabaltzean eta iluntzean.
Eta ez zaitez axolagabeetakoa izan.
Jainkoaren ondoan daudenek
ez dute Hura gurtzeko inongo harrokeriarik sentitzen.
Jainkoa goresten dute
eta Haren aurrean ahuspezten dira.
(204-206)

Al An´am, Animali taldeak

Allahren, Errukiorraren, Bihozberaren izenean

Hura da Allah zeruetan eta lurrean,
ezagutzen du gordetzen eta azaltzen duzuena,
eta badaki zer eskuratzen duzuen.
(3)


Haietarik bada arreta eskaintzen dizunik,
baina oihala jarri diegu bihotzean uler ez dezaten,
eta belarriak gortu dizkiegu;
eta mota guztietako ezaugarriak ikusiko balituzte ere,
ez lukete haietan sinetsiko.
Hartaraino, non, zugana datozenean ezbaika,
sinesteari uko egin diotenek hau esatera iristen baitira:
Horiek ez dira antzinakoen ipuin besterik.
Besteak hertsatzen dituzte eta barak hartatik urrundu egiten dira;
baina, konturatu gabe, beren burua suntsitu besterik ez dute egiten.
(25-26)

Gauza ziurra da entzuten dutenek
bakarrik erantzuten dutela.
Allahk bizia itzuliko die hildakoei;
gero Harengana itzuliko zarete.
(36)

Gure ezaugarrien egia ukatzen dutenak ilunpetan daude,
sorgor dira eta mutu.
Allahk nahi duena desbideratzen du
eta nahi duena jartzen bide zuzenean.
(39)

Eta gure ezaugarrietan sinesten dutenak
zugana etorriko direnean, esazu:
Bakea zuekin, zuen Jaunak errukia agindu dio bere buruari.
Ezjakintasunez okerren bat egin duen zuetakoa
eta, gero, haren ondoren, atzera egin eta zuzentzen duena…
Gauza ziurra da Hura Barkatzaile dela eta Bihozbera.
(54)

Hura da gauez hartzen zaituztena
eta badaki egunez zer eskuratu duzuen;
gero, (egun) hartan, bizira itzultzen zaituzte
finkaturiko epea bete dadin.
Eta Harengana itzuliko zarete,
egiten zenutena jakinaraz diezazuen.
Hura da bere zerbitzarien Nagusia.
Eta zaintzaileak bidaltzen ditu zuengana;
eta zuetako bati heriotza iristen zaionean,
gure mandatariek eramaten dute, zabar ibili gabe.
Gero, Allahgana itzuliak izango zarete,
zeuen benetako Jabeagana.
Ez ote da Harena ebazpena?
Hura da lasterrena kontuak egiten.
Egintzak erregistratzen dituzten aingeruak.
(60-62)

Sinesten dutenek eta beren sinestea
inolako bidegabekeriaz lausotzen ez dutenek:
horiek izango dute segurtasuna
eta horiek izango dira gidatuak.
(82)

Hura da izaki bakar batetik kreatu zintuztena,
kokaleku bat eta biltegi bat zuei emanez.
(98)

Eta ez irainik egin, Allahz aparte, haiek dei egiten dietenei,
gerta ez dadin haiek, etsai-erreakzioz eta ezjakinean,
Allah iraintzea.
Horrela egin dugu komunitate bakoitzak
bere egintzei on iriztea;
gero beren Jaunagana itzuli beharra dute,
Zeinek jakinaraziko baitie egiten zutena.
(108)

Eta jan ezazue Allahren izena aipatu izan zaion hartatik,
Haren seinaleetan sinesten baduzue.
(118)

Utzi alde batera gaiztakeria, kanpoz eta barruz;
zeren, egia esan, gaiztakeria bat egin dutenek
egin dutenaren ordaina jasoko baitute.
(120)

Allahk gidatu nahi duenari Islamerantz irekitzen dio bihotza;
baina desbideratu nahi duenari bihotza estu eta hertsi bihurtzen dio,
zerurantz gora joango balitz bezala.
Era berean, gauzarik okerrena ezartzen du
Allahk sinesten ez dutenengan.
Hau da zure Jaunaren bidea, zuzena.
Garbi azaldu ditugu seinaleak pentsatu nahi dutenentzat.
(125-126)

Bakoitzak bere mailak izango ditu,
egin izan dituenen neurriaren arabera.
Zure Jauna ez dago oharkabean egiten dutenari buruz.
(132)

Esazu:
Ez dut aurkitu inorentzat debekurik,
inspiratu zaidan guztian, horretatik guztitik jan ahal izateko,
baldin eta berez hildako animaliaren kasua ez bada,
edo isuritako odolaren kasua,
edo txerrikia ez bada, lohikeria baita hori,
edo gaiztakeria baten kasua ez bada,
Allah ez beste zerbaiten izenean opari egina delako.
Baina nahi gabe eta (lege) hausteko asmorik gabe,
hartara behartua dena…
Gauza ziurra da ezen Allah Barkatzailea dela
eta Bihozbera.
(145)

Esazu:
Zatozte zeuen Jaunak debekatu dizuena ager diezazuedan:
Ez diezaiozuela ezer erantsi Hari,
egin diezaiezuela ondo zeuen gurasoei
eta ez ditzazuela hil zeuen seme-alabak,
miseriaren beldurrez.
Zuek eta haiek hornitzen zaituztegu Guk,
ez hurbildu hutsegite larrietara, ez kanpoz, ez barruz,
eta ez hil Allahk ukiezineko egin duena,
zuzenbideagatik ez bada.
Hori da gomendatzen zaizuena,
ea arrazoitzen ote duzuen.
(151)

Egintza onekin aurkeztuko denak
haiek halako hamar izango du,
baina egintza txarrekin aurkeztuko denak
ez du izango ekarri zuena beste ordainik,
eta ez zaio bidegabekeriarik egingo.
Esazu:
Nire Jaunak bide zuzenera gidatu nau,
benetako Adorazio-praktikara, hanif izan zen Ibrahimen erlijiora,
hura ez baitzen eransten duten horietakoa.
Esazu:
Benetan, nire otoitza, eskain dezakedan oparia,
nire bizia eta nire heriotza Allahrentzat dira,
munduen Jaunarentzat.
Hark ez du partaiderik.
Hori da agindu zaidana.
Musulmanetan lehena naiz.
Esazu:
Nolatan opa nezake Jauntzat Allah ez den beste bat,
Hura delarik gauza guztien Jauna?
Arima bakoitzak lor dezakeenak
hari berari bakarrik egin diezaioke kalte
eta inork ez du besteren zama eraman beharrik izango.
Gero, Allahgana itzuli beharra duzue,
Hark argituko baitizkizue eztabaidagai zenituztenak.
Eta Hura da lurrean beste batzuen ondorengo egin zaituztena
eta batzuk mailaz besteen gainetik jarri dituena,
eman dizuenari buruz probatzeko.
Gauza ziurra da ezen zure Jauna Lasterra dela zigortzen,
eta gauza ziurra da ezen Hura Barkatzaile dela eta Bihozbera.
(160-165)

Al Maida, Mahai hornitua

Allahren, Errukiorraren, Bihozberaren izenean

(...)Eta lagundu elkarri bertutean eta (Allahrekiko) beldurrean,
ez lagundu elkarri ez desobedientzian, ez hausturan.
Eta izan Allahren beldur;
gauza ziurra da Allah indartsua dela zigortzen.
(2)

(...)Gaur osatu dizuet zuen Adorazioaren praktika,
amaitu dut neure bedeinkapena zuen gain
eta atseginez onartu dizuet Adorazio-praktikatzat Islam.
(3)

Gaurtik aurrera zilegi dituzue gauza onak.
Eta zilegi duzue Liburua hartu zutenaren janaria,
zuena haiek zilegi duten bezala.
(5)

Zuek, sinesten duzuenok! Egon tinko Allahren alde,
testigantza zuzen eginez.
Eta batzuekiko senti dezakezuen gorrotoak
ez zaitzatela eraman zuzenak ez izateraino. Izan zuzenak!
Gehiago hurbiltzen zaio hori beldur izateari.
Eta izan Allahren beldur!
Gauza ziurra da ezen Hark ondo ezagutzen duela egiten duzuena.
(8)

Liburuaren jendea!
Gure Mezularia etorri zaizuen ezkutatzen zenituzten Liburuko
gauza asko argituz
eta gauza asko zuei barkatuz.
Argi bat eta Liburu argi bat etorri zaizkizue Allahgandik.
Zeinekin gidatzen baitu Allahk,
salbazioaren bideetan Hari atsegin zaiona bilatzen duena.
(15-16)

Horregatik agindu genien Israelgo seme-alabei,
norbaitek norbait hiltzea, beste baten ordainetan izan gabe
edo lurra usteltzen zuelako izan gabe,
gizadia hiltzea bezala izango zela.
Eta norbait salbatzea gizadi osoa salbatzea bezala izango zela.
(32)

Gizaseme lapurrari eta emakume lapurrari moztu eskua,
egin dutenaren ordainetan. Allahren eskarmentua;
Allah Ahaltsua da eta Jakintsua.
Bidegabekeria egin ondoren,
damutzen bada eta egindakoa zuzentzen badu,
Allah harengana itzuliko da.
(38-39)

(...) Zuetako bakoitzari bide bat eta metodo bat,
propioak, ezarri dizkiogu.
Allahk nahi izan balu,
komunitate bakar bat osatuko zukeen zuekin;
halaz guztiz, gauzak horrela egin ditu,
eman zaizuen horretan zuek aztertzeko.
Eta lehia zaitezte egintza onetan.
Guztiok Allahgana itzuli beharra duzue,
Hark jakinaraziko baitizue eztabaidagarri zenituzten egiez.
(48)

Zuek, sinesten duzuenok!
Ez hartu adiskide aliatutzat Liburua
zuek baino lehen jaso zutenen artetik
eta zuen Adorazio-praktika isekaz eta txantxan
hartzen dutenen artetik.
Eta izan Allahren beldur, sinestedun bazarete.
(57)

Gauza ziurra da ezen sinetsi duten haiek
eta Allahgan eta Azken Egunean sinesten duten
eta egintza onak egiten dituzten juduek, sabatarrek eta kristauek,
ez dutela zertan beldur izan eta ez direla atsekabetuko.
(69)

Esazu: Liburuaren jendea!
Ez ezazue desitxuratu gauzen egia zeuen Adorazioaren praktikan,
eta ez jarraitu lehenago desbideratu zirenen
eta jende asko desbiderarazi zutenen
eta bide lautik aldendu zirenen desioei.
(77)

Eta segur aski, konturatuko zara ezen sinesten dutenen
etsairik gogorrenak juduak direla eta eransten dutenak;
alderantziz, konturatuko zara ezen sinesten dutenekiko
afektuz hurbilenak hau esaten dutenak direla: Kristauak gara.
Horregatik da hori: haien artean apaizak eta lekaideak daudelako,
eta harro ez direlako.
Mezulariari jaitsarazi zaiona entzuten dutenean,
negar-malkotan ikusten dituzu haien begiek
ezagutzen duten egiagatik,
eta diote: Gure Jauna! Sinesten dugu, idatz itzazu gure izenak
testigantza egiten dutenenekin!
(83-83)

Eta Allahk esan zuenean: Isa, Maryamen semea!
Zuk esana al diezu gizakiei: Har nazazue ni eta nire ama jainkotzat,
Allahz aparte?
Esan zuen: Aintza Zuri! Ez dagokit hori esatea
hartarako eskubiderik ez dudalarik.
Esan izan banu, Zuk jakingo zenuen.
Zuk badakizu nire barruan zer dagoen,
baina nik ez dakit Zure baitan zer dagoen.
Gauza ziurra da ezen Zu zarela
gauzarik ezkutuenen Ezagutzaile.
Agindu zenidana bakarrik esan nien:
Adora ezazue Allah, nire Jauna eta zuena!
Eta haien lekuko izan naiz,
haien lagunartean egon nintzen bitartean.
Eta Zeuregana eraman ninduzunean,
Zeu zinen haiei behatzen ziena.
Zu zara gauza guztien Lekukoa.
Zigortzen badituzu… Zure zerbitzariak dira,
eta barkatzen badiezu…
Benetan, Ahaltsua zara Zu, Jakintsua.
(116-118)

An Nisaa, Emakumeak

Allahren, Errukiorraren, Bihozberaren izenean

Eta umezurtzekin zuzen ez izateko beldur bazarete…
Ezkon zaitezte orduan zuentzat on diren emakumeen arteko
bi, hiru edo laurekin;
baina, zuzen ez jokatzeko beldurra baduzue…
orduan, bakar batekin edo zeuen eskuinak dituenekin.
(3)

Damua onartzera konprometitu da Allah, baina,
okerra ezjakintasunez egin eta, gero, berehala damuturik,
atzera egiten dutenekiko bakarrik.
Horiei Allahk bere mesedea itzultzen die;
Allah Ezagutzailea da beti eta Jakintsua.
(17)

Zuek, sinesten duzuenok!
Ez jabetu elkarren ondasunez gezurra erabiliz,
baizik elkarren gustuko izango diren harremanez.
(29)

Debekatu dizkizuegun hutsegite larriak saihesten badituzue,
zuen egintza okerrak estali egingo ditugu
eta sarrera ohorezkotik sarraraziko zaituztegu.
(31)

Gizasemeek emakumeen ardura dute,
Allahk batzuei besteen gain eman dien lehentasunagatik
eta (haiekin) gastatzen dituzten ondasunengatik.
Izango dira zuzenak eta esanekoak diren emakumeak,
ikusten ez dituztenean Allahk gordetzeko agindu duena
betetzen dutenak.
Baina errebelde izango ote diren beldur zareten (emakumeak)
ohartaraz itzazue, ez oheratu haiekin, jo itzazue;
baina, obeditzen badizuete, ez egin ezer haien aurka.
Allah Goi-goikoa da beti, Handia.
(34)

Allah ez da bidegabea, ezta gauzarik txikienaren pisuan ere,
eta edozein egintza on biderkatu egingo du,
bere aldetik, sari bikain batekin.
(40)

Gauza ziurra da ezen Allahk ez duela barkatzen
Berari ezer eranstea,
baina, hortik aparte, nahi duenari barkatzen diola.
Eta Allahri zerbait eransten dionak gezurra gauzatuko du,
delitu izugarria eginez.
(48)

Zuek, sinesten duzuenok!
Obeditu Allahri, obeditu Mezulariari eta aginterik
duten zeuen artekoei.
Eta zerbaitez eztabaidatzen baduzue,
utzi Allahren eta Mezulariaren esku,
Allahgan eta Azken Egunean sinesten baduzue.
Hobea da hori eta emaitza hobea izaten du.
(59)

Mezulariari obeditzen dionak Allahri obeditzen dio.
Eta bizkar ematen diona… Ez zaitugu bidali haiengana, haien zaintzaile izateko.
(80)

Ez ote diote erreparatu Korani?
Allah ez beste norbaitengandik baletor,
kontraesan asko aurkituko lukete hartan.
(82)

Norbaitek agur egiten badizu, erantzun harena
baino agur hobeaz edo, besterik gabe, itzuli agurra;
egia da ezen Allahk gauza guztiak dituela gogoan.
(86)

Bere buruaren aurka oker bat edo bidegabekeria bat egin
eta gero Allahri barkamena eskatzen dionak
Barkatzaile eta Bihozbera izango du Allah.
(110)

Eta ongiaren egintzak egingo dituena,
gizaseme nahiz emakume, eta sinestedun bada…
horrelakoak Baratzean sartuko dira
eta ez zaie bidegabekeriarik txikiena ere egingo.
(124)

Allahri ez zaio gustatzen jendaurrean inork
gauza txarrik aipatzea,
bidegabekeria jasan duen norbaitek egina ez bada.
Entzuten duena da Allah eta dakiena.
(148)

Liburuaren jendea!
Ez itzazue atera gauzak beren onetik
zeuen Adorazioaren praktikan;
ez esan Allahz egia ez den ezer ere.
Gauza ziurra da Gantzutua, Maryamen semea,
Allahren Mezularia dela,
Maryamengan kokatua izan den Haren hitza dela
eta Harengandiko espiritu bat.
Sinetsi, beraz, Allahgan eta Haren Mezulariagan,
eta ez esan «Hiru» (direla);
hobe da zuentzat amore eman dezazuen.
Hau da egia: Jainko Bakarra dela Allah.
Oso goian dago Hura Bere aintzan seme bat izateko!
Harena da zeruetan eta lurrean dagoen guztia.
Eta Allah aski da zaindari bezala.
(171)

Al Imran, Imran-en familia

Allahren, Errukiorraren, Bihozberaren izenean
Hura da zure gainera Liburua jaitsarazi duena,
eta aleia batzuek esanahi bakarra dute
eta horiek dira Liburuaren Ama.
Eta beste batzuk adiera bat baino gehiago dute,
sesio zaleak izanik horren interpretazioa nagusitzea
gustatzen zaielako.
Baina Jainkoak bakarrik ezagutzen du interpretazioa.
Eta Zientzian errotuek esaten dute:
"Sinesten dugu hori, guztia gure Jaunarengandik dator”.
Baina, funtsezkoa ezagutzen dakitenek bakarrik pentsatzen dute.
(7)

Jainkoarentzat benetako Erlijioa Islam da.
Liburua jaso zutenak hasi ziren eztabaidan,
beren arteko bekaizkeriagatik, Liburuak jaso ondoren.
Eta Jainkoaren ezaugarriak sinesten ez dituena...
Jainkoa Azkarra da kontuak egiten.
Zurekin eztabaidan hasten badira, esan:
"Nik Jainkoaren mendean jarri dut neure burua,
berdin nire jarraitzaileek ere".
Esaiezu Liburua jaso zutenei eta jaso ez zutenei,
ez al zarete musulmanak izango?
Esanekoak badira ondo gidatuta daude, baina apartatzen badira…
Zuri transmititzea bakarrik dagokizu.
Jainkoak ongi ikusten ditu zerbitzariak.
(19-20)

Esan : ”Jainkoa maite baduzue, jarrai iezadazue niri;
horrela Jainkoak maiteko zaituzte
eta zuen bekatuak barkatuko dizkizue.
Jainkoa Barkatzailea eta Errukiorra da zerbitzariekin”.
(31)

Nahi duena hobesten du Bere errukiarekin,
grazia neurrigabearen Jauna da Jainkoa.
(74)

Eta norbaitek Islam ez den beste erlijioren bat nahi badu,
ez zaio onartuko eta Azken Bizitzan galtzaileen artean egongo da.
(85)

Ez duzue benetako zintzotasuna lortuko,
maite duzuenetik ematen ez duzuen bitartean.
Eta Jainkoak ezagutzen du gastatzen duzuen zernahi.
(92)

Zuek gizonen artean inoiz sortu den
komunitaterik bikainena osatzen duzue.
Aitortuta dagoena agintzen duzue eta gaitzesgarria debekatzen,
eta Jainkoarengan sinesten duzue.
Eta hobe lukete Liburua jaso zutenek sinestea.
Batzuk sinestedun dira, baina gehienak atera egin dira bidetik.
(110)

Liburu Santua jaso dutenak ez dira denak berdinak,
batzuek komunitate zuzen bat osatzen dute:
Jainkoaren aleiak irakurtzen dituzte gauez,
eta ahuspeztu egiten dira.
Sinesten dute Jainkoarengan eta Azken Egunean;
zuzentzat onartuta dagoena agintzen dute
eta gauza gaitzesgarriak debekatzen,
eta elkarren lehian bizi dira nork ekintzarik onenak egin.
Horiek zintzoen taldekoak dira.
Eta egiten duzuen ongia ez zaizue ukatuko.
Jainkoak ezagutzen ditu beldur diotenak.
(113-115)

Zoazte azkar Jaunaren barkamenaren bila,
eta Jainkoaren beldurra duenentzat paradisura,
zeruek eta lurrak adina zabalera duen tokira.
Horiek dira ondasunez nahikoa lasai bizi direnean
edota aski estu egonda ere limosnak egiten dituztenak,
haserrea menderatzen dutenak eta gizonei barkatzen dietenak.
Jainkoak dei egiten die zintzo jokatzen dutenei.
Horiek dira lizunkeriaren bat egiten dutenean,
edo bidegabekeriaren bat bere buruaren aurka,
Jainkoaz oroitu eta hutsegiteen barkamena eskatzen dutenak.
Ze, nork barkatzen ditu bekatuak Jainkoak besterik?
Eta ez dira berriro jakinaren gainean erortzen.
(133-135)

Ez etsi, ez atsekabetu, ze fededunak bazarete, garaile aterako zarete.
(139)

Ez da inor hiltzen Jainkoaren baimenarekin ez bada,
eta aldez aurretik idatzitako epe jakin batean.
Hemengo bizitzak eskaintzen duen saria
nahi duenari emango diogu horren zati bat,
eta Azken Bizitzaren saria nahi duenari
horren zati bat emango diogu.
Eta sarituko ditugu esker onekoak.
(145)

Jainkoaren errukiarengatik, leunki jokatu duzu haiekin.
Zakarra eta bihotz gogorra izan bazina haiekin,
alde egingo zuten zure ingurutik.
Barka iezaiezu, beraz, eta eskatu Jainkoari haien aldeko barkamena,
eta iritziak eskatu erabakiak hartzean,
eta erabakitzen duzunean jarri uste osoa Jainkoarengan.
Egia da Jainkoak maite dituela uste osoa Harengan jartzen dutenak.
(159)

Arima bakoitzak dastatuko du bere heriotza,
baina ez duzue saria osorik jasoko Piztuera Eguna arte.
Sutatik urruntzen dena eta Paradisuan sartzen, aterako da garaile.
Mundu honetako bizitza, amaitzen den zerbaiten
azaleko gauza besterik ez da.
Benetan, ondasunei eta pertsonei buruz aztertuak izango zarete.
Eta gauza txar asko entzungo dituzue
Liburua zuek baino lehenago hartu zutenen aldetik
idolatren aldetik ere bai;
baina pazientzia handikoak bazarete
eta Jainkoari beldur badiozue,
hori bai dela erabakik hartzen jakitea!
(185-186)

Eta Jaunak entzun zuen otoitza:
“Ez dut zuek, gizaseme nahiz emakume,
egindako ekintzarik galtzen utziko.
Batzuk besteengandik sortuak zarete”.
Eta emigratu behar izan zutenei, Nire bidean kalteak izan zituztenei,
borrokatu eta etsaiek hilda gertatu zirenei,
ekintza txarrak estaliko dizkiet
eta errekek bustitako lorategietan sartuko ditut,
Jainkoaren sari bezala.
Eta Jainkoak Bere alboan du “sari bikaina”.
(195)

Liburua jaso zutenen artean,
badira Jainkoarengan sinesten dutenak,
baita zuei eta haiei jaitsarazitakoan ere.
Apalak dira Jainkoaren aurrean
eta ez dituzte Jainkoaren ezaugarriak prezio zirtzilean saltzen.
Horiek, benetan, dagokien saria jasoko dute Jainkoaren aurrean.
Benetan, Jainkoa Azkarra da ekintzen kontuak hartzen.
Sinesten duzuenok! Izan zaitezte pazientzia handikoak,
haiek baino handiagokoak, iraun ezazue irmo eta sendo,
eta izan beldurra Jainkoari, garaile irten zaitezten.
(199-200)

Al Baqara, Behia


Allahren, Errukiorraren, Bihozberaren izenean
Bila laguntza iraunkortasunean eta salat-ean,
hau ez baita astuna apalentzat.
Beren Jauna aurkituko dutela eta Harengana itzuliko direla
ziurtasunez sinesten dutenek.
(45-46)

Benetan, sinetsi dutenek, juduek, kristauek eta sabatarrek,
Allahrengan eta Azken Egunean sinesten badute eta zuzen jokatzen,
jasoko dute beren saria Jaunaren aurrean,
ez dute izango zertan beldur izan
eta ez dira atsekabetuko.
(62)

Konturatuko zara, horiek direla bizitzari gehien
atxikita bizi direnak,
idolatra batzuei gertatzen zaien bezala,
mila urtean bizi nahi lukete eta.
Baina, hainbeste denboran biziko balira ere,
ez lirateke zigorretik libratuko…
Allahk ikusten du zer egiten duten.
(96)

Baina ez! Allahren aurrean bere aurpegia apaldu
eta zuzen jokatzen duenak,
ez du izango zertan beldur izan, ez da atsekabetuko.
(112)

Allahrenak dira Sortaldea eta Sartaldea.
Noranahi begiratzen duzuela, han ikusiko duzue
Allahren begitartea.
Egia da, Allahk dena besarkatzen duela
eta ez dagoela ezer Haren ezagutzatik at.
(115)

Hark eman zien hasiera zeruei eta lurrari.
Zerbait erabakitzen duenean, aski du esatea:
Izan zaitez! Eta bada.
(117)

Gure Jauna! Izan gaitezela Zure esaneko,
eta egin itzazu gure ondorengoak
Zure esaneko komunitate.
Erakuts iezaguzu geure adorazio-errituak betetzen
eta itzul itzazu zeure begiak gugana.
Benetan, Zu zara zerbitzariagana itzultzen dena, Bihozbera.
(128)

Esazue: Sinesten dugu Allahrengan, errebelatu zaigun
eta Ibrahimi, Ismail-i, Ishaq-i, Yaqub-i
eta Leinuei errebelatu zitzaien mezuan,
eta Musari eta Isa-ri egin zitzaien errebelazioan,
eta beren Jaunagandik profetei eman zitzaienean.
(136)


Ikusi dugu behin eta berriz zerura begiratzen duzula,
eta beteko zaituen norabide bat emango dizugu:
itzul ezazu zeure begitartea Mezkita Ezinhautsizkorantz,
eta zuek ere, nonahi zaudetela, itzuli zeuena hara.
Liburua jaso zutenek badakite zure Jaunagandik datorren
egia dela hori.
Eta Allahk badaki zer egiten duten.
(144)

Zuek, sinesten duzuenok!
Bila ezazue laguntza, pazientziarekin eta Otoitzaren bidez.
Gauza ziurra da ezen Allah pazientzia dutenekin dagoela.
(153)

Izan kontuan: aztertu egingo zaituztegu
beldurrarekin, gosearekin, ondasunak,
pertsonak eta fruituak galtzearekin.
Baina iragar iezazkiezu berri onak pazientzia dutenei.
Zoritxarren bat gertatzen zaienean, esaten dutenei:
«Allahrenak gara eta Harengana itzuliko gara».
Beren Jaunaren bedeinkazioak
eta errukia jasotzen dituzte haiei.
Gidaturik dabiltzana dira horiek.
(155-157)

Zuen jainkoa Allah Bakarra da,
ez da Hura beste jainkorik, Errukitsua, Bihozbera.
(163)

Bertutea ez datza begitartea Sortaldera edo Sartaldera begira jartzean.
Bertutea duena Allahgan, Azken Egunean, aingeruengan,
liburuetan eta profetengan sinesten duena da.
Ondasunekiko atxikimendua sentitu arren,
bere aberastasunetik
ahaideei, umezurtzei, behartsuei, bidari dabiltzanei, eskaleei
eta esklaboak askatzeko ematen duena.
Salat-a ezarri eta zakat-a ematen duena.
Ezbeharrean eta zoritxarrean eta borrokako unerik latzenetan pazientzia duena.
Egiazaleak dira horiek, eta beldur direnak.
(177)

Eta nire zerbitzariek Nitaz galdetuko dizutenean…
Hurbil nago eta entzuten diot eskatzen didanaren erreguari,
eskatzen didanean.
Beraz, erantzun diezadatela Niri eta sinets dezatela Nigan.
Jarraituko ahal diote gida zuzenari!
(186)

Eta egin borroka Allahren bidean,
borroka egingo dizuetenen aurka,
baina gehiegikeriarik egin gabe.
Gauza ziurra da ezen Allahk ez dituela gogoko
gehiegikeriak egiten dituztenak.
(190)

Edo uste al duzue Baratzean sartuko zaretela,
zuen aurrekoek pasatu behar izan zutenaren
antzekorik pasatu gabe?
Zoritxarrak eta kalteak jo zituzten haiek eta dar-dar egin zuten,
Mezulariak eta harekin batean sinesten zutenek
esan ahal izateraino:
Noiz helduko da Allahren laguntza?
Baina ez ote dago hurbil Allahren laguntza?
(214)

Ardoaz eta zorizko jokoez galdegiten dizute.
Esan: Bietan kalte handia eta mesede txikia daude gizakientzat,
baina mesedea baino handiagoa da kaltea.
Eta zer gastatu behar duten galdetzen dizute.
Esan: Soberakina.
Horrela argitzen dizkizue Allahk ezaugarriak.
Egingo ahal duzue gogoeta!
(219)

Nork eskainiko dio mailegu on bat Allahri,
Hark biderkaturik itzul diezaion.
Allahk ematen ditu estutasuna eta erosotasuna.
Harengana itzuliko zarete.
(245)

Allah, ez da Hura beste jainkorik; Biziduna, Euslea.
Ez logurak, ez loak ez diote eragiten.
Harena da zeruetan eta lurrean dagoen guztia.
Nork erregutu diezaioke norbaiten alde,
Haren baimenarekin ez bada?
Ezagutzen du zer dagoen haien aurrean eta zer haien atzean,
eta ezin dute jakin Haren ezagutzatik ezer,
Hark nahi duena besterik.
Haren Tronuaren oinazpikoak zeruak eta lurrea hartzen ditu,
eta ez dio nekerik ematen haiei eusteak.
Goi-goikoa da Hura, Neurrigabea.
(255)

Ezin da behartu inor Adorazioa Praktikatzera,
zeren garbi gelditu baita
zein den norabide zuzena eta zein desbiderakuntza.
Idoloak ukatzen eta Allah sinesten duenak
heldulekurik seguruenari heldu dio,
inolako pitzaturik izan ezin dezakeenari.
Eta Allah Entzulea da eta Ezagutzailea.
(256)

Hitz egokia eta barkamena hobeak dira
irain eginez emandako limosna baino.
Allah Aberatsa da eta Barkabera.
(263)

Nahi duenari ematen dio Jakinduria, eta Jakinduria eman zaion
hark ondasun handia jaso du.
Baina hori ez dute kontuan hartzen,
funtsezkoa aitortzen dakitenek baizik.
(269)

Jendaurrean limosna ematen baduzue, gauza ona da,
baina ezkutuan gorde eta behartsuei ematen badiezue,
hobe izango da zuentzat,
eta zuen egintza gaiztoen zati bat estaliko dugu.
Allahk oso ondo daki zer egiten duzuen.
(271)

Eta estutasunean badago, luza iezaiozue epea,
erosoago gerta dadin arte,
nahiz eta zuentzat hobe izango litzatekeen
eskuzabal emana diozuenari uko egitea.
(280)

Mezulariak sinesten du bere Jaunagandik etorri zaion guztia,
eta sinestedunek ere bai.
Guztiek sinesten dute Allahgan,
Haren aingeruengan, Haren liburuetan
eta Haren mezulariengan:
«Gu ez gara mezulari batzuk onartu
eta beste batzuk ukatzen dituzten horietakoak».
Eta diote: Entzun dugu eta obeditzen,
emaguzu zeure barkamena, gure Jauna,
eta Zugana da itzulera.
(285)

Allahk ez du inor ezertara behartzen,
bakoitzak duen mailaren arabera baizik.
Bere alde izango du lortu izan duena
eta bere kontra bilatu izan duena.
Gure Jauna! Ez hartu gogoan gure ahanzturak eta okerrak.
Gure Jauna! Ez ezarri gure gainean gure aurretik izan zirenei
ezarri zenien zamaren antzekorik!
Gure Jauna! Ez iezaguzu eramanarazi jasan ezin dugunik.
Ezaba itzazu gure hutsegiteak, barka iezaguzu
eta izan gutaz erruki.
Zu zara gure Jabea,
lagun iezaguzu jende sinesgabearen aurka.
(286)