vendredi 16 mai 2008

Al Araf, Goraguneak

Allaren, Errukiorraren, Bihozberaren izenean

Adanen semeok!
Zerutik jaitsarazi ditugu arropa zuen lotsaizunak estaltzeko,
eta gorputza apaintzeko.
Baina, Jainkoaren beldurraren jantzia hobea da.
Hori da Jainkoaren ezaugarri bat da,
gogoeta egin dezaten.
(26)

Adanen semeok!
Jantz itzazue arroparik txukunenak otoitz leku bakoitzean;
jan ezazue eta edan, baina gehiegikeriarik gabe.
Jainkoak ez ditu gehiegikerietan dabiltzanak maite.
(31)

Esan: “Jaunak benetan lizunkeria debekatzen du,
agerian edo ezkutuan egiten dena,
gaiztakeria, bidegabekeriazko zapalketa,
ahalmenik eman ez zaion zerbait Jainkoari eranstea
eta Jainkoari buruz ez dakizuena esatea”.
(33)

Sinetsi eta zintzo jokatu zutenei
- eta ez diegu haiek eraman ezin duten zamarik jartzen -,
Paradisuan sartu eta betiko biziko dira han.
(42)

Egin otoitz Jaunari apaltasunez eta ezkutuan!
Hark ez ditu lege-hausleak maite.
(55)

Eta Lut, bere jendeari esan zionean:
Lotsagarrikeria hau egin behar ote duzue,
munduetan lehenago inork egin ez duena?
Gizonezkoengana al zoazte desiraz,
emakumeengana joan ordez?
Benetan, neurriz kanpoko jendea zarete.
Baina haren jendearen erantzun bakarra
hau esatea izan zen:
Bota itzazue zeuen hiritik,
beren burua garbitzat duten jendea dira!
(80-82)

Urrundu egingo ditut Neure ezaugarrietatik
lurrean arrazoirik gabe harrotzen direnak.
Mota guztietako ezaugarriak ikusi arren,
ez dute sinesten, eta egiazko norabidea ikusten duten arren
ez dira bide horretan sartzen.
Baina, ikusten dute galbidearen norabidea,
eta bide horretan sartzen dira.
Eta hori horrela da Gure ezaugarriak ukatu dituztelako
eta arretarik jarri ez dutelako.
(146)

Eta emaguzu ongia guretzat bizitza honetan
eta Azkenekoan, damututa baikaude.
Esan zuen: “Nahi dudana nahigabetzen dut zigorra emanez,
eta Nire errukia erabatekoa da.
Eta bihotz ona izango dut beldur direnekin,
limosna egin eta Gure ezaugarrietan sinesten dutenekin”.
Bihotz ona izango dut Mezulariari jarraitzen dietenekin,
Jentilen Profetarekin, Toran eta Ebanjelioan
idatzita aurkitzen dutenekin:
hor ikusten dute zer egin dezaketen
eta zer debekatzen zaien,
eta horrek libratzen dituzte aurreko zamatik eta kateetatik.
Eta harengan (profetarengan) sinesten dutenak,
ohoratzen eta laguntzen diotenak,
eta harekin jaitsarazi zen argitan dabiltzanak,
horiek aurrera aterako dira.
(156-157)

Jaunak zuzentzen duena bide onetik dabil.
Baina, Hark okertzen dituenak dira galduta daudenak.
(178)

Jainkoak izenik ederrenak ditu.
Dei iezaiozu otoitzean izen horiekin
eta utz itzazue alde batera Haren izenekin
zentzugabekeriak egiten dituztenak.
Egin zutenaren arabera ordainduko zaie.
(180)

Hura da pertsona batetik sortu zaituztena;
hortik bikote-kidea atera zuen,
harekin bakea eta sosegua lortzeko. (...)
(189)

Nire Adiskidea Jainkoa da, Liburua jaitsarazi duena,
eta zintzoak adiskide egin dituena.
(196)

Izan zaitez bihozbera,
agindu ezazu gure artean ontzat hartua izan dena,
eta urrun zaitez ezjakinengandik!
Satanasek bekatura bultzatzen bazaitu,
bila ezazu babesa Jainkoarengan.
Hark dena daki, dena entzuten du.
(199-200)

Eta Koran ozenki irakurtzen zaizuenean,
erne egon eta isilik, agian lortuko duzue errukia eta.
Egin otoitz Jaunari zeure baitan,
apaltasunez eta beldurrez,
ahotsa gehiegi altxatu gabe,
eguna zabaltzean eta iluntzean.
Eta ez zaitez axolagabeetakoa izan.
Jainkoaren ondoan daudenek
ez dute Hura gurtzeko inongo harrokeriarik sentitzen.
Jainkoa goresten dute
eta Haren aurrean ahuspezten dira.
(204-206)

Aucun commentaire: