vendredi 16 mai 2008

Al An´am, Animali taldeak

Allahren, Errukiorraren, Bihozberaren izenean

Hura da Allah zeruetan eta lurrean,
ezagutzen du gordetzen eta azaltzen duzuena,
eta badaki zer eskuratzen duzuen.
(3)


Haietarik bada arreta eskaintzen dizunik,
baina oihala jarri diegu bihotzean uler ez dezaten,
eta belarriak gortu dizkiegu;
eta mota guztietako ezaugarriak ikusiko balituzte ere,
ez lukete haietan sinetsiko.
Hartaraino, non, zugana datozenean ezbaika,
sinesteari uko egin diotenek hau esatera iristen baitira:
Horiek ez dira antzinakoen ipuin besterik.
Besteak hertsatzen dituzte eta barak hartatik urrundu egiten dira;
baina, konturatu gabe, beren burua suntsitu besterik ez dute egiten.
(25-26)

Gauza ziurra da entzuten dutenek
bakarrik erantzuten dutela.
Allahk bizia itzuliko die hildakoei;
gero Harengana itzuliko zarete.
(36)

Gure ezaugarrien egia ukatzen dutenak ilunpetan daude,
sorgor dira eta mutu.
Allahk nahi duena desbideratzen du
eta nahi duena jartzen bide zuzenean.
(39)

Eta gure ezaugarrietan sinesten dutenak
zugana etorriko direnean, esazu:
Bakea zuekin, zuen Jaunak errukia agindu dio bere buruari.
Ezjakintasunez okerren bat egin duen zuetakoa
eta, gero, haren ondoren, atzera egin eta zuzentzen duena…
Gauza ziurra da Hura Barkatzaile dela eta Bihozbera.
(54)

Hura da gauez hartzen zaituztena
eta badaki egunez zer eskuratu duzuen;
gero, (egun) hartan, bizira itzultzen zaituzte
finkaturiko epea bete dadin.
Eta Harengana itzuliko zarete,
egiten zenutena jakinaraz diezazuen.
Hura da bere zerbitzarien Nagusia.
Eta zaintzaileak bidaltzen ditu zuengana;
eta zuetako bati heriotza iristen zaionean,
gure mandatariek eramaten dute, zabar ibili gabe.
Gero, Allahgana itzuliak izango zarete,
zeuen benetako Jabeagana.
Ez ote da Harena ebazpena?
Hura da lasterrena kontuak egiten.
Egintzak erregistratzen dituzten aingeruak.
(60-62)

Sinesten dutenek eta beren sinestea
inolako bidegabekeriaz lausotzen ez dutenek:
horiek izango dute segurtasuna
eta horiek izango dira gidatuak.
(82)

Hura da izaki bakar batetik kreatu zintuztena,
kokaleku bat eta biltegi bat zuei emanez.
(98)

Eta ez irainik egin, Allahz aparte, haiek dei egiten dietenei,
gerta ez dadin haiek, etsai-erreakzioz eta ezjakinean,
Allah iraintzea.
Horrela egin dugu komunitate bakoitzak
bere egintzei on iriztea;
gero beren Jaunagana itzuli beharra dute,
Zeinek jakinaraziko baitie egiten zutena.
(108)

Eta jan ezazue Allahren izena aipatu izan zaion hartatik,
Haren seinaleetan sinesten baduzue.
(118)

Utzi alde batera gaiztakeria, kanpoz eta barruz;
zeren, egia esan, gaiztakeria bat egin dutenek
egin dutenaren ordaina jasoko baitute.
(120)

Allahk gidatu nahi duenari Islamerantz irekitzen dio bihotza;
baina desbideratu nahi duenari bihotza estu eta hertsi bihurtzen dio,
zerurantz gora joango balitz bezala.
Era berean, gauzarik okerrena ezartzen du
Allahk sinesten ez dutenengan.
Hau da zure Jaunaren bidea, zuzena.
Garbi azaldu ditugu seinaleak pentsatu nahi dutenentzat.
(125-126)

Bakoitzak bere mailak izango ditu,
egin izan dituenen neurriaren arabera.
Zure Jauna ez dago oharkabean egiten dutenari buruz.
(132)

Esazu:
Ez dut aurkitu inorentzat debekurik,
inspiratu zaidan guztian, horretatik guztitik jan ahal izateko,
baldin eta berez hildako animaliaren kasua ez bada,
edo isuritako odolaren kasua,
edo txerrikia ez bada, lohikeria baita hori,
edo gaiztakeria baten kasua ez bada,
Allah ez beste zerbaiten izenean opari egina delako.
Baina nahi gabe eta (lege) hausteko asmorik gabe,
hartara behartua dena…
Gauza ziurra da ezen Allah Barkatzailea dela
eta Bihozbera.
(145)

Esazu:
Zatozte zeuen Jaunak debekatu dizuena ager diezazuedan:
Ez diezaiozuela ezer erantsi Hari,
egin diezaiezuela ondo zeuen gurasoei
eta ez ditzazuela hil zeuen seme-alabak,
miseriaren beldurrez.
Zuek eta haiek hornitzen zaituztegu Guk,
ez hurbildu hutsegite larrietara, ez kanpoz, ez barruz,
eta ez hil Allahk ukiezineko egin duena,
zuzenbideagatik ez bada.
Hori da gomendatzen zaizuena,
ea arrazoitzen ote duzuen.
(151)

Egintza onekin aurkeztuko denak
haiek halako hamar izango du,
baina egintza txarrekin aurkeztuko denak
ez du izango ekarri zuena beste ordainik,
eta ez zaio bidegabekeriarik egingo.
Esazu:
Nire Jaunak bide zuzenera gidatu nau,
benetako Adorazio-praktikara, hanif izan zen Ibrahimen erlijiora,
hura ez baitzen eransten duten horietakoa.
Esazu:
Benetan, nire otoitza, eskain dezakedan oparia,
nire bizia eta nire heriotza Allahrentzat dira,
munduen Jaunarentzat.
Hark ez du partaiderik.
Hori da agindu zaidana.
Musulmanetan lehena naiz.
Esazu:
Nolatan opa nezake Jauntzat Allah ez den beste bat,
Hura delarik gauza guztien Jauna?
Arima bakoitzak lor dezakeenak
hari berari bakarrik egin diezaioke kalte
eta inork ez du besteren zama eraman beharrik izango.
Gero, Allahgana itzuli beharra duzue,
Hark argituko baitizkizue eztabaidagai zenituztenak.
Eta Hura da lurrean beste batzuen ondorengo egin zaituztena
eta batzuk mailaz besteen gainetik jarri dituena,
eman dizuenari buruz probatzeko.
Gauza ziurra da ezen zure Jauna Lasterra dela zigortzen,
eta gauza ziurra da ezen Hura Barkatzaile dela eta Bihozbera.
(160-165)

Aucun commentaire: