vendredi 16 mai 2008

Al Maida, Mahai hornitua

Allahren, Errukiorraren, Bihozberaren izenean

(...)Eta lagundu elkarri bertutean eta (Allahrekiko) beldurrean,
ez lagundu elkarri ez desobedientzian, ez hausturan.
Eta izan Allahren beldur;
gauza ziurra da Allah indartsua dela zigortzen.
(2)

(...)Gaur osatu dizuet zuen Adorazioaren praktika,
amaitu dut neure bedeinkapena zuen gain
eta atseginez onartu dizuet Adorazio-praktikatzat Islam.
(3)

Gaurtik aurrera zilegi dituzue gauza onak.
Eta zilegi duzue Liburua hartu zutenaren janaria,
zuena haiek zilegi duten bezala.
(5)

Zuek, sinesten duzuenok! Egon tinko Allahren alde,
testigantza zuzen eginez.
Eta batzuekiko senti dezakezuen gorrotoak
ez zaitzatela eraman zuzenak ez izateraino. Izan zuzenak!
Gehiago hurbiltzen zaio hori beldur izateari.
Eta izan Allahren beldur!
Gauza ziurra da ezen Hark ondo ezagutzen duela egiten duzuena.
(8)

Liburuaren jendea!
Gure Mezularia etorri zaizuen ezkutatzen zenituzten Liburuko
gauza asko argituz
eta gauza asko zuei barkatuz.
Argi bat eta Liburu argi bat etorri zaizkizue Allahgandik.
Zeinekin gidatzen baitu Allahk,
salbazioaren bideetan Hari atsegin zaiona bilatzen duena.
(15-16)

Horregatik agindu genien Israelgo seme-alabei,
norbaitek norbait hiltzea, beste baten ordainetan izan gabe
edo lurra usteltzen zuelako izan gabe,
gizadia hiltzea bezala izango zela.
Eta norbait salbatzea gizadi osoa salbatzea bezala izango zela.
(32)

Gizaseme lapurrari eta emakume lapurrari moztu eskua,
egin dutenaren ordainetan. Allahren eskarmentua;
Allah Ahaltsua da eta Jakintsua.
Bidegabekeria egin ondoren,
damutzen bada eta egindakoa zuzentzen badu,
Allah harengana itzuliko da.
(38-39)

(...) Zuetako bakoitzari bide bat eta metodo bat,
propioak, ezarri dizkiogu.
Allahk nahi izan balu,
komunitate bakar bat osatuko zukeen zuekin;
halaz guztiz, gauzak horrela egin ditu,
eman zaizuen horretan zuek aztertzeko.
Eta lehia zaitezte egintza onetan.
Guztiok Allahgana itzuli beharra duzue,
Hark jakinaraziko baitizue eztabaidagarri zenituzten egiez.
(48)

Zuek, sinesten duzuenok!
Ez hartu adiskide aliatutzat Liburua
zuek baino lehen jaso zutenen artetik
eta zuen Adorazio-praktika isekaz eta txantxan
hartzen dutenen artetik.
Eta izan Allahren beldur, sinestedun bazarete.
(57)

Gauza ziurra da ezen sinetsi duten haiek
eta Allahgan eta Azken Egunean sinesten duten
eta egintza onak egiten dituzten juduek, sabatarrek eta kristauek,
ez dutela zertan beldur izan eta ez direla atsekabetuko.
(69)

Esazu: Liburuaren jendea!
Ez ezazue desitxuratu gauzen egia zeuen Adorazioaren praktikan,
eta ez jarraitu lehenago desbideratu zirenen
eta jende asko desbiderarazi zutenen
eta bide lautik aldendu zirenen desioei.
(77)

Eta segur aski, konturatuko zara ezen sinesten dutenen
etsairik gogorrenak juduak direla eta eransten dutenak;
alderantziz, konturatuko zara ezen sinesten dutenekiko
afektuz hurbilenak hau esaten dutenak direla: Kristauak gara.
Horregatik da hori: haien artean apaizak eta lekaideak daudelako,
eta harro ez direlako.
Mezulariari jaitsarazi zaiona entzuten dutenean,
negar-malkotan ikusten dituzu haien begiek
ezagutzen duten egiagatik,
eta diote: Gure Jauna! Sinesten dugu, idatz itzazu gure izenak
testigantza egiten dutenenekin!
(83-83)

Eta Allahk esan zuenean: Isa, Maryamen semea!
Zuk esana al diezu gizakiei: Har nazazue ni eta nire ama jainkotzat,
Allahz aparte?
Esan zuen: Aintza Zuri! Ez dagokit hori esatea
hartarako eskubiderik ez dudalarik.
Esan izan banu, Zuk jakingo zenuen.
Zuk badakizu nire barruan zer dagoen,
baina nik ez dakit Zure baitan zer dagoen.
Gauza ziurra da ezen Zu zarela
gauzarik ezkutuenen Ezagutzaile.
Agindu zenidana bakarrik esan nien:
Adora ezazue Allah, nire Jauna eta zuena!
Eta haien lekuko izan naiz,
haien lagunartean egon nintzen bitartean.
Eta Zeuregana eraman ninduzunean,
Zeu zinen haiei behatzen ziena.
Zu zara gauza guztien Lekukoa.
Zigortzen badituzu… Zure zerbitzariak dira,
eta barkatzen badiezu…
Benetan, Ahaltsua zara Zu, Jakintsua.
(116-118)

Aucun commentaire: