vendredi 16 mai 2008

Al Baqara, Behia


Allahren, Errukiorraren, Bihozberaren izenean
Bila laguntza iraunkortasunean eta salat-ean,
hau ez baita astuna apalentzat.
Beren Jauna aurkituko dutela eta Harengana itzuliko direla
ziurtasunez sinesten dutenek.
(45-46)

Benetan, sinetsi dutenek, juduek, kristauek eta sabatarrek,
Allahrengan eta Azken Egunean sinesten badute eta zuzen jokatzen,
jasoko dute beren saria Jaunaren aurrean,
ez dute izango zertan beldur izan
eta ez dira atsekabetuko.
(62)

Konturatuko zara, horiek direla bizitzari gehien
atxikita bizi direnak,
idolatra batzuei gertatzen zaien bezala,
mila urtean bizi nahi lukete eta.
Baina, hainbeste denboran biziko balira ere,
ez lirateke zigorretik libratuko…
Allahk ikusten du zer egiten duten.
(96)

Baina ez! Allahren aurrean bere aurpegia apaldu
eta zuzen jokatzen duenak,
ez du izango zertan beldur izan, ez da atsekabetuko.
(112)

Allahrenak dira Sortaldea eta Sartaldea.
Noranahi begiratzen duzuela, han ikusiko duzue
Allahren begitartea.
Egia da, Allahk dena besarkatzen duela
eta ez dagoela ezer Haren ezagutzatik at.
(115)

Hark eman zien hasiera zeruei eta lurrari.
Zerbait erabakitzen duenean, aski du esatea:
Izan zaitez! Eta bada.
(117)

Gure Jauna! Izan gaitezela Zure esaneko,
eta egin itzazu gure ondorengoak
Zure esaneko komunitate.
Erakuts iezaguzu geure adorazio-errituak betetzen
eta itzul itzazu zeure begiak gugana.
Benetan, Zu zara zerbitzariagana itzultzen dena, Bihozbera.
(128)

Esazue: Sinesten dugu Allahrengan, errebelatu zaigun
eta Ibrahimi, Ismail-i, Ishaq-i, Yaqub-i
eta Leinuei errebelatu zitzaien mezuan,
eta Musari eta Isa-ri egin zitzaien errebelazioan,
eta beren Jaunagandik profetei eman zitzaienean.
(136)


Ikusi dugu behin eta berriz zerura begiratzen duzula,
eta beteko zaituen norabide bat emango dizugu:
itzul ezazu zeure begitartea Mezkita Ezinhautsizkorantz,
eta zuek ere, nonahi zaudetela, itzuli zeuena hara.
Liburua jaso zutenek badakite zure Jaunagandik datorren
egia dela hori.
Eta Allahk badaki zer egiten duten.
(144)

Zuek, sinesten duzuenok!
Bila ezazue laguntza, pazientziarekin eta Otoitzaren bidez.
Gauza ziurra da ezen Allah pazientzia dutenekin dagoela.
(153)

Izan kontuan: aztertu egingo zaituztegu
beldurrarekin, gosearekin, ondasunak,
pertsonak eta fruituak galtzearekin.
Baina iragar iezazkiezu berri onak pazientzia dutenei.
Zoritxarren bat gertatzen zaienean, esaten dutenei:
«Allahrenak gara eta Harengana itzuliko gara».
Beren Jaunaren bedeinkazioak
eta errukia jasotzen dituzte haiei.
Gidaturik dabiltzana dira horiek.
(155-157)

Zuen jainkoa Allah Bakarra da,
ez da Hura beste jainkorik, Errukitsua, Bihozbera.
(163)

Bertutea ez datza begitartea Sortaldera edo Sartaldera begira jartzean.
Bertutea duena Allahgan, Azken Egunean, aingeruengan,
liburuetan eta profetengan sinesten duena da.
Ondasunekiko atxikimendua sentitu arren,
bere aberastasunetik
ahaideei, umezurtzei, behartsuei, bidari dabiltzanei, eskaleei
eta esklaboak askatzeko ematen duena.
Salat-a ezarri eta zakat-a ematen duena.
Ezbeharrean eta zoritxarrean eta borrokako unerik latzenetan pazientzia duena.
Egiazaleak dira horiek, eta beldur direnak.
(177)

Eta nire zerbitzariek Nitaz galdetuko dizutenean…
Hurbil nago eta entzuten diot eskatzen didanaren erreguari,
eskatzen didanean.
Beraz, erantzun diezadatela Niri eta sinets dezatela Nigan.
Jarraituko ahal diote gida zuzenari!
(186)

Eta egin borroka Allahren bidean,
borroka egingo dizuetenen aurka,
baina gehiegikeriarik egin gabe.
Gauza ziurra da ezen Allahk ez dituela gogoko
gehiegikeriak egiten dituztenak.
(190)

Edo uste al duzue Baratzean sartuko zaretela,
zuen aurrekoek pasatu behar izan zutenaren
antzekorik pasatu gabe?
Zoritxarrak eta kalteak jo zituzten haiek eta dar-dar egin zuten,
Mezulariak eta harekin batean sinesten zutenek
esan ahal izateraino:
Noiz helduko da Allahren laguntza?
Baina ez ote dago hurbil Allahren laguntza?
(214)

Ardoaz eta zorizko jokoez galdegiten dizute.
Esan: Bietan kalte handia eta mesede txikia daude gizakientzat,
baina mesedea baino handiagoa da kaltea.
Eta zer gastatu behar duten galdetzen dizute.
Esan: Soberakina.
Horrela argitzen dizkizue Allahk ezaugarriak.
Egingo ahal duzue gogoeta!
(219)

Nork eskainiko dio mailegu on bat Allahri,
Hark biderkaturik itzul diezaion.
Allahk ematen ditu estutasuna eta erosotasuna.
Harengana itzuliko zarete.
(245)

Allah, ez da Hura beste jainkorik; Biziduna, Euslea.
Ez logurak, ez loak ez diote eragiten.
Harena da zeruetan eta lurrean dagoen guztia.
Nork erregutu diezaioke norbaiten alde,
Haren baimenarekin ez bada?
Ezagutzen du zer dagoen haien aurrean eta zer haien atzean,
eta ezin dute jakin Haren ezagutzatik ezer,
Hark nahi duena besterik.
Haren Tronuaren oinazpikoak zeruak eta lurrea hartzen ditu,
eta ez dio nekerik ematen haiei eusteak.
Goi-goikoa da Hura, Neurrigabea.
(255)

Ezin da behartu inor Adorazioa Praktikatzera,
zeren garbi gelditu baita
zein den norabide zuzena eta zein desbiderakuntza.
Idoloak ukatzen eta Allah sinesten duenak
heldulekurik seguruenari heldu dio,
inolako pitzaturik izan ezin dezakeenari.
Eta Allah Entzulea da eta Ezagutzailea.
(256)

Hitz egokia eta barkamena hobeak dira
irain eginez emandako limosna baino.
Allah Aberatsa da eta Barkabera.
(263)

Nahi duenari ematen dio Jakinduria, eta Jakinduria eman zaion
hark ondasun handia jaso du.
Baina hori ez dute kontuan hartzen,
funtsezkoa aitortzen dakitenek baizik.
(269)

Jendaurrean limosna ematen baduzue, gauza ona da,
baina ezkutuan gorde eta behartsuei ematen badiezue,
hobe izango da zuentzat,
eta zuen egintza gaiztoen zati bat estaliko dugu.
Allahk oso ondo daki zer egiten duzuen.
(271)

Eta estutasunean badago, luza iezaiozue epea,
erosoago gerta dadin arte,
nahiz eta zuentzat hobe izango litzatekeen
eskuzabal emana diozuenari uko egitea.
(280)

Mezulariak sinesten du bere Jaunagandik etorri zaion guztia,
eta sinestedunek ere bai.
Guztiek sinesten dute Allahgan,
Haren aingeruengan, Haren liburuetan
eta Haren mezulariengan:
«Gu ez gara mezulari batzuk onartu
eta beste batzuk ukatzen dituzten horietakoak».
Eta diote: Entzun dugu eta obeditzen,
emaguzu zeure barkamena, gure Jauna,
eta Zugana da itzulera.
(285)

Allahk ez du inor ezertara behartzen,
bakoitzak duen mailaren arabera baizik.
Bere alde izango du lortu izan duena
eta bere kontra bilatu izan duena.
Gure Jauna! Ez hartu gogoan gure ahanzturak eta okerrak.
Gure Jauna! Ez ezarri gure gainean gure aurretik izan zirenei
ezarri zenien zamaren antzekorik!
Gure Jauna! Ez iezaguzu eramanarazi jasan ezin dugunik.
Ezaba itzazu gure hutsegiteak, barka iezaguzu
eta izan gutaz erruki.
Zu zara gure Jabea,
lagun iezaguzu jende sinesgabearen aurka.
(286)

Aucun commentaire: