mardi 5 août 2008

Al ´Isra, Gaueko Bidaia

Allahren, Errukiorraren, Bihozberaren izenean

Aintza Bere zerbitzaria,
Gure ezaugarrien zati bat erakusteko,
gauez eraman zuen Hari
Ukiezineko Mezkitatik Mezkita Urrunekora,
zeinen ingurunea bedeinkatu baitugu!
Benetan, entzuten duena da Hura
eta ikusten duena.
(1)

Gauza ziurra da ezen
Errezitazio honek bide zuzenera gidatzen duela
eta egintza zuzenak bururatzen dituzten sinestedunentzat
berri onak dakartzala,
egundoko saria izango dutela.
(9)

Ongia eskatzen duen bezala eskatzen du gaizkia gizakiak,
presatia da gizakia beti.
(11)

Irakur ezazu zeure Liburua!
Gaur aski zara zu zeu, kontuak ateratzeko.
Bere burua gidatzen duenak
bere onerako egiten du
eta desbideratzen denak bere kalterako.
Inor ez da zamatuko beste baten zamarekin.
(14-15)

Begira nola faboratu ditugun batzuk
besteak baino gehiago.
Hala ere, Azken Bizitza goragokoa da
mailaz eta lehentasunez.
(21)

Zure Jaunak Bera bakarrik adoratzeko agindu du,
eta gurasoei on egiteko.
Eta haietako bati edo biei batera zahartzarora iristea
zure ondoan egokitzen bazaie,
ez iezaiezu esan «puff!» bezalakorik,
ezta baztertu ere,
baizik eta hitz egiezu hitz onekin.
Jaitsi ezazu haiengana apaltasunaren hegoa,
errukiak eragiten duena,
eta esazu: Ene Jauna! Izan ezazu haiekin errukia,
haiek nirekin txikitan izan zuten bezala.
(23-24)

Eta ez hurbildu haragikeriara,
itsuskeria baita hori eta bide txarra.
(32)

Ez ibili lurrean harro-harro,
ez baitzara gai lurra gainditzeko,
ezta mendi-gailurrera iristeko ere.
(37)

Eta Koran errezitatzen duzun bakoitzean,
oihal babesle bat jartzen dugu
zure eta Azken Bizitzan sinesten ez dutenen artean.
(45-46)

Eta esaiezu Nire zerbitzariei,
mintza daitezela hitzik hobenekin,
zeren egia baita Shaytanek liskarra sortzen duela
haien artean;
benetan, gizakiarentzat arerio amorratua da
Shaytan.
(53)

Egia da Adamen seme-alabak ohoratu ditugula.
Lehorrez eta itsasoz eramaten ditugu,
gauza onak ematen dizkiegu horniduratzat
eta hobespen handiz faboratu ditugu
beste sorkari askoren aldean.
(70)

Ezar ezazu salata eguzkia sartzen hastetik
gaueko iluna iritsi arte,
baita egunsentiko Errezitazioa ere.
Gauza ziurra da egunsentiko errezitazioa
testigaturik dagoela.
Eta beila ezazu gau-zati bat,
zeure gogozko egintza bezala;
gerta dakizuke zeure Jaunak goresgarri den
maila batera zu jasotzea.
Eta esazu: Ene Jauna!
Sarraraz nazazu egiazaletasunaren sarreratik
eta ateraraz nazazu egiazaletasunaren irteeratik
eta emadazu lagunduko nauen
Zugandiko ahalmena.
Eta esazu: Etorri da egia eta desegin da gezurra;
egia da, gezurra desegiten dela.
Eta Koranen bidez, sendabidea eta errukia jaitsarazten ditugu
sinesten dutenentzat;
hala ere, bidegabeek ez dute galbidea areagotu
besterik egiten.
Eta gizakia, mesede bat egiten diogunean,
apartatu egiten da eta berera urruntzen;
baina gaitz batek jotzen duenean,
etsirik gelditzen da.
Esazu: Joka dezala nork bere erara,
baina zuen Jaunak hobeto daki zein dagoen
bidean hobeto gidaturik.
(78-84)

Zatitan banatu dugun Koran da,
gizakiei mailaka errezita diezaiezun.
Eta horrela jaitsarazi dugu
bata bestearen segidako errebelaziotan.
(106)

Esazu: Dei egin Allahri! edo dei egin Errukiorrari!
nolanahi dei egiten diozuela,
izenik ederrenak ditu Hark.
Eta ez ozendu zeure ahotsa zeure otoitzean,
ezta isildu ere;
bila ezazu erdi-bide bat.
Eta esazu: Gorespenak Allahrentzat,
Zeinek ez baitu hartu beretzat seme-alabarik,
ez baitu partaiderik bere nagusitzan,
eta ez baitu inoren beharrik umilazioaren kontra
defenditzeko!
Goratu ezazue,
Haren handitasuna aldarrikatuz.
(110-111)

Aucun commentaire: