dimanche 31 août 2008

Ramadaneko baraualdiaz (surat Al Baqara)

Allahren Errukiorraren, Bihozberaren izenean,

Sinestedunok! Barau egiteko agindu zaizue,
zuen aurrekoei agindu zitzaien bezala.
Izango ahal zarete Allahren beldur!
Egun-kopuru jakin baterako,
hartarako finkatua den hartarako.
Baina gaixo edo bidaian denak
epez kanpo egin dezake barau hori,
beste hainbat egunetan.
Eta egin ahal izanik, egin ez dutenek edo eten dutenek
elika ditzatela, konpentsazio gisa, pobre batzuk.
Baina ongia berez egiten duenak,
hobe izango du beretzat.
Eta barau egitea zeuen onerako izango duzue,
baldin badakizue.
Ramadan hilabetean errebelatu zen Koran,
gizakientzako norabidea,
eta Gidaren eta Bereizmenaren proba argia;
beraz, zuen artean hilabetea ikusiko duenak
egin dezala barau;
eta gaixo edo bidaian denak egin dezala
beste hainbat egunetan beste garai batean.
Allahk gauza errazak nahi ditu zuentzat eta ez zailak;
baina zuek egun-kopurua osatzea nahi du
eta Allahren handitasuna aldarrikatzea,
gidatu zaituztelako.
Izango ahal zarete esker oneko!
Eta nire zerbitzariek Nitaz galdetuko dizutenean…
Hurbil nago eta entzuten diot
eskatzen didanaren erreguari, eskatzen didanean;
beraz, erantzun diezadatela Niri eta sinets dezatela Nigan;
jarraituko ahal diote gida zuzenari!
Barau-eguneko gauean zilegi duzue
emazteekin sexu-harremanak bururatzea;
emazteak jantzi dira zuentzat
eta zuek ere jantzi zarete haientzat.
Allahk jakin zuen zeuen burua engainatzen zenutela,
baina zuengana itzuli zen bere mesedearekin eta barkatu zizuen;
beraz, etzan zaitezte haiekin
eta bilatu Allahk agindu dizuena.
Jan ezazue eta edan, harik eta gauaren hari beltza
eta egunsentiko hari zuria garbi bereiziko dituzuen arte.
Gero, egin barau zorrotz arratsa arte.
Baina mezkitetan erretiroan baldin bazaudete,
ez etzan haiekin erretiroak irauten duen bitartean.
Allahk jarritako mugak dira horiek,
egon haiengandik aparte.
Horrela argitzen dizkie Allahk gizakiei
bere ezaugarriak.
Izango ahal dira kontuan!
(183-187)

Aucun commentaire: