mardi 5 août 2008

An-Nahl, Erlea

Allahren, Errukiorraren, Bihozberaren izenean

Allahri dagokio bide egokia erakustea,
baina badira desbideratzen diren bideak;
nahi balu, denok gidatuko zintuzkete.
(9)

Jainko Bakarra da zuen jainkoa.
Azken Bizitzan sinesten ez dutenek
ukapenez betetako bihotzak dituzte
eta harrokeriaz beterik daude.
Zalantzarik ez dago ezen Allahk ezagutzen duela
ezkutuan gordetzen eta agerian duzuena;
benetan, Hark ez du maite jende harroa.
(22-23)

Benetan, zerbait izan dadin nahi dugunean,
besterik gabe esaten diogu:
Izan zaitez, eta bada.
(40)

Allahren aurrean, zeruetan eta lurrean diren bizidunak
oro ahuspezten dira, baita aingeruak ere;
eta horiek ez dute harrokeriarik erakusten.
Beren gainean duten beren Jaunaren beldur dira,
eta agintzen zaiena egiten dute.
(49-50)

Allahk kreatu zintuzten eta Beregana dei egingo dizue;
eta izango da zuen artean
bizia luzatuko zaionik adin zahar okituraino iritsi arte,
zerbait jakin ondoren ezer ez jakitera iristeko.
(70)

Allahk irtenarazi zintuzten zeuen amaren sabeletik
eta ez zenekiten ezer.
Eta entzumena, ikusmena eta, esker oneko izan zintezten,
bihotza eman zizkizuen.
Agian, horrela esker onekoak izango zarete.
(78)

Komunitate bakoitzean haietakoa den
lekuko bat aterako dugunean
eta haiei buruzko testigu bezala
etorraraziko zaitugunean.
Liburua jaitsarazi dugu zugana,
gauza bakoitzarentzat argibide eta gida,
errukia dena,
eta meneko direnentzat (musulmanentzat) berri on dena.
Benetan, Allahk zuzentasuna agintzen du,
bikaintasuna eta hurbileko ahaideei laguntza emateko;
eta lotsagabekeria, gaitzesgarri dena
eta bidegabekeria debekatzen ditu.
Aholkuak ematen dizkizue, gogoeta egin dezazuen.
(89-90)

Allahk nahi izan balu,
zuekin komunitate bakar bat osatu izango zuen,
baina nahi duena desbideratzen du Hark
eta nahi duena gidatzen.
Benetan, galdekatuko zaituztete egina duzuenaz.
(93)

Zuzen jokatu duenari,
gizonezkoa nahiz emakumea izan,
sinestedun bada, bizimodu ona egiteko
era emango diogu eta dagokion saria,
egina duen ongiaren arabera.
(97)

Eta Koran errezitatzera zoazenean,
eska iezaiozu babesa Allahri,
Shaytan harrikatuaren aurka.
(98)

Sinetsi ondoren Allah ukatzen duena
−baldin eta behartua izan eta bihotzean sinesmenari
irmo eutsi diona ez bada−
eta bere bihotza sinesgabetasunari irekitzen diona…
Halakoen gain jaitsiko da
Allahren haserrea eta zigor itzela jasoko dute.
(106)

Debekatuak dituzue: sarraskia, odola, txerrikia
eta Allah ez beste baten izenean opari egindakoa;
hala ere, behartua izan dena,
bere gogoz izan gabe eta legea hausteko asmorik gabe…
Gauza ziurra da ezen Barkatzaile dela Allah,
Bihozbera.
(115)

Dei egiozu jendeari zeure Jaunaren bidera,
jakinduriaz, aholku onak emanez
eta erarik hobenean konbentziaraziz;
benetan, zure Jaunak ezagutzen du
Haren bidetik desbideratzen dena
eta ezagutzen ditu gidatuak.
(125)

Eta izan ezazu pazientzia,
zeren zeure pazientzia Allahgandik bakarrik baitatorkizu.
Eta ez zaitez atsekabetu haiengatik,
eta ez larritu darabilten azpijokoagatik.
Gauza ziurra da
Haren beldur direnekin dagoela Allah,
eta ongia egiten dutenekin.
(127-128)

Aucun commentaire: